Teknologiarekin frogak egiten ari direla ziurtatu du jokoaren zuzendariak. Orain hiru urte aurkeztu zuten RPG saga famatuaren seigarren atala.

Todd Howard The Elder Scrolls sagaren zuzendaria TES VI-ri buruz mintzatu da The Telegraph agerkian egindako elkarrizketan. Bertan baieztatu duenez RPG frankizia ezagunaren seigarren atala oraindik “diseinu fasean” aurkitzen da.

Proiektua orain hiru urte iragarri zuten. 2018ko Bethesdaren E3-ko aurkezpenean izan zen zehazki: teaser trailer labur baten bidez titulua ezagutzera eman zuten orduan Howardek eta bere taldeak, Starfield-ekin egin modura. Ordutik hona zertzelada gutxi batzuk baino ez dituzte eman jokoaren inguruan.

“Hobe da The Elder Scrolls VI oraindik diseinu fasean dagoela pentsatzen bada”, adierazi du Howardek elkarrizketan. “Teknologiarekin frogak egiten ari gara izatez: joko honekin egin nahi ditugunak jasateko gai izango da?”. Izan ere, oraindik garatzen ari dira eta datorren urterako aurreikusten duten Starfieldek erabiliko duen Creation Engine 2 motor grafiko berria erabiliko du baita TES honek: “Creation Engine 2 bi bideo-joko horientzako sortua da”.

Adierazpenak ez datoz ustekabean, Bethesdakoak aspalditik abisatzen ibili baitira garapen prozesuaren iraupenaz. 2016an hitz egin zuten IGN aldizkarian lehen aldiz TES VI-ri buruz, eta ordu horretan dagoeneko teknologia mugarri bezala aipatu zuten. Nahi zuten jokoa garatzeko gakoa izango zela adierazi zuen Howardek, eta garapenak zenbat iraungo zuen galdetu ziotenean “luzerako” doala adierazi zuen, “hori izanik buruan daukatena”.

Pete Hines Bethesdako komunikazio arduradunak pazientzia eskatu zuen iaz jokoari buruzko informazioa eskatu ziotenean. Starfielden inguruan ezer gutxi erakutsi ziotela nabarmendu, eta TES VI horren ostean garatuko dutela aldarrikatu zuen Twitter bidez.

Indiana Jones arkeologoaren bideo-jokoari buruz ere mintzatu da Howard The Telegraphen. 2009tik bueltaka dabiltza proiektu horrekin, George Lucas zinemagileari proposatu zionetik. MachineGames-eko garatzaileak proiektuarekin “lan aparta” egiten ari direla azpimarratu nahi izan du, eta pertsonaia ezagunaren inguruan bideo-joko bat sortzeko aukera betetako ametsa dela dio Howardek, Indiana Jones asko gustatzen zaion pertsonaia izanik.