Telltalen itzulerak erabakiz betetako abentura grafikoen berpizkundea suposatuko du. Bost ataletan zatituta kaleratuko dute.

The Expanse liburuen —eta telesailaren— jarraitzaileek badute zertan jokatu irailaren 27tik aurrera. Telltale argitaletxeak aditzera eman duenez, The Expanse: A Telltale Series egun horretan merkaturatuko dute. Argitalpen datarekin batera jokoaren lehen bideoa argitaratu dute.

The Walking Dead edo The Wolf Among Us abentura grafiko berezien estiloaren itzulera izango da. Hori horrela, Deck Nine Games taldea prestatzen ari den The Expansek narratiba aberatsa, istorio sakona eta erabakiz betetako jokagarritasuna proposatuko ditu.

Artemis ontzira igota gerrikoaren esploratu gabeko mugak eta bazterrak ikertzeari ekingo diogu Camina Drummer pertsonaiaren rola hartuta. Stephan Frost Deck Nine Gamesen zuzendariak Xbox Wire-n aipatu duenez, bideojokoaren garapena duela bi urte hasi zuten.

Drummer izanik taldearen pertsonaiarik gogokoenetakoa, bere iragana esploratzeari ekin nahi zioten: modu horretara, bideojokoa jatorrizko istorioaren aurretik kokatuko da.

Nola ez, hizketaldiak, elkarreragiteak eta erabakiak izango dira bideojokoaren ardatzak. Prentsa oharrean hondatutako espazio ontziak ikertzen ariko garela adierazten da, horretarako hainbat tresna berezi erabilita. Arazoak eta oztopoak aurkituko ditugu bidean, noski: usteldutako eguzki sistemaren gobernua zein gure tripulazioaren haserreak jasan beharko ditu protagonistak, besteak beste.

Telltalekoen gainerako abentura grafikoen moduan, atalkako formatuan kaleratuko dute The Expanse: guztira bost atal nagusitan zatituta egongo da.

The Expanse: A Telltale Series PlayStation nahiz Xbox kontsoletara eta PC-ra iritsiko da irailaren 27an; ordenagailuetan jokatzeko Epic Games Store saltokiko bertsioa eskuratu beharko dugu.

 

Telltalen berpizkundea

Telltale talde eraberrituaren lehen bideojokoa izango da The Expanse; izan ere, 2018an proiektu guztiak bertan behera utzi, eta estudioa itxi egin zuten. Erabakia azken bideojokoen arrakasta eskasagatik hartu zuten: Batman-en edo The Game of Thrones-en unibertsoetan girotutako tituluek ez zuten espero moduko salmentak eskuratu. 200 langilen inguru kaleratu zituen hamalau urteko ibilbidea zeukan garatzaileak.

LCG Entertainment taldeak 2019an estudioaren lizentziak eta baimenak erosi, eta Telltale berpizteari ekin zion. Proiektu zaharrak berreskuratzeari zein berriei ekiteari zen asmoa: The Expanse da azken honen adibidea, baina aurretik kaleratutako jokoen jarraipenak ere ikusiko ditugu laster. Hori da, besteak beste, The Wolf Among Us 2 desiratuaren kasua: aurten kaleratzea aurreikusten dute.