Bergarako ZTB jardunaldietan antolatutako txapelketak amaiera fase triangeluarra izan du.
Counter-Strike 2 izan da 2023ko Wolfram Encounter ekimenerako hautatutako bideojokoa, eta Euskal Herri mailan jokatutako lehiaketak txapelduna dauka: The Fans taldea nagusitu da tiro joko berriaren CS2 Wolfram Encounter txapelketan.
Maila bikaina erakutsita, norgehiagoka guztietan garaile izatea lortu zuten Harrika eta DRG_200 jokalariek. Bikotea oso parekatuta ibili zen, gainera: hilketa ratio berdintsuekin, bata zein bestea txandako jokalaririk onenak izan zen hainbat aldiz.
Bikotea izanik, wingman edo adiskide modalitatean ibili zirela nabarmendu behar da. CS2ren joko mota honetan bi jokalariz osatutako bi taldek lehiatzen dute elkarren aurka. Moldatutako mapa txikiagoetan garaipena lortzea da helburua: aurkari guztiak hilda edo helburua beteta lor daiteke.
Nuke, Overpass, Inferno zein Vertigo ezagunetan ibil daiteke une honetan. Jokalariek azken hirurak hautatu zituzten txapelketan, txanda batetik bestera gunez aldatuz.
The Fansekin batera beste bi taldek parte hartu zuten CS2 Wolfram Encounter txapelketaren azken fasean: OdolTaldea zein Esper. Horrela, azkenean jokatu zena txapelketa triangeluarra izan zen; hau da, talde guztiek elkarren aurka jokatu zuten txanda desberdinetan. BO3 formatuko norgehiagokak izan ziren; hiru partidatik onenak irabazten zuen, alegia.
Partidak Bergarako Zabalotegi Aretoan jarraitzeko aukera egon zen larunbatean. Ikusleak parte hartzaileak eta lagunak animatzen ibili ziren, hauen jokaldirik onenak ospatuz. Gainera, Game Erauntsiaren Twitch katetik ere eman genuen txapelketa. Hemen ikus dezakezue:
CS2 Wolfram Encounter txapelketa ZTB jardunaldien baitan burutu da. Bergarako Udalak antolatutako ekimenak zientzia, berrikuntza eta teknologia uztartzen ditu era guztietako jardueren bidez.
Iruzkinak