Kokalekuen suntsipena izango da ardatzetako bat. Embark Studios-en tiro jokoa “laster” musu truk estreinatuko da.
The Finalsek trailer berria argitaratu du Xbox Partner Preview aurkezpenaren baitan. Tiro jokoaren irudi berriak erakusteaz gain, iragarpena egiteko balio izan du: beta irekia prestatu dute bideojokoaren arduradunek.
Gaurtik hasita azaroaren 5era arte iraungo du probak. Plataformei dagokienez, PlayStation 5, Xbox Series eta PC (Steam bidez) gailuetan jokatu ahal dugu The Finalsen beta irekian.
Lehen pertsonan biziko dugun doako tiro joko lehiakorra da The Finals. Aurkezpenetik argi geratzen da: estadio erraldoian kokatuko dira norgehiagokak. Joko zelaia, baina, hiri tankerakoa izango da; izan ere, kaleetan, bulegoetan eta sabaietan borrokatuko dugu.
Ardatz nagusia borrokalekuak zeharo itxuraldatzeko aukera izango da, baina: ingurune suntsikorrekin dueluak guztiz aldatzen joango dira partidetan, jokaldi dinamikoak ahalbidetuz. Mugikortasunak ere pisu handia edukiko du, jokagarritasun azkarrarekin.
Rifleekin, pistolekin eta eskopetekin ariko gara, baita gar botagailuekin ere. Gainera, botere bereziak erabiltzeko aukera egongo da. Bideoan ezkutu laserrak, salto egiteko plataformak eta beste hainbat elementu ageri dira partidei gatza eta piperra botatzeko.
The Finalsen beta itxiak jokalarien arreta erakartzea lortu zuen; hortaz, proba irekian erabiltzaile kopuru esanguratsuak parte hartzea espero da.
Esan bezala, gaurtik aurrera joka dezakegu beta irekian PS5, Xbox Series eta PC plataformetan. Behin betiko tituluaren merkaturatze datari dagokionez, “laster” helduko dela diote Embark Studioseko kideek.
Iruzkinak