rBorn Games-eko bilbotarrek garatutako magiaz betetako abentura euskaraz goza daiteke. PlayStation Talents Games Camp egitasmoan sortutako jokoetako bat da.
Otsailean kaleratu zuen rBorn Games estudio bilbotarrak bere lehen lana: The Five Covens PlayStation 5 eta 4 kontsoletarako prestatu zuten, baina PC-an argitaratzeko asmoa agertu zuten garatzaileek hasiera batetik. Orain, asmo hori bete dute: Steam saltoki digitalean merkaturatu dute sorginak eta magia plataformekin zein puzzleekin batzen dituen jokalari bakarrarentzako abentura.
Hain zuzen ere, hiru dimentsioetako “abentura klasikoetara hurreratu” nahi izan dute bilbotarrek The Five Covensekin, aldi berean “gaur egungo jostagarritasuna zein ikus-entzunezko atala” mantenduta. Gaartheko erreinua ezagutuko dute jokalariek Brenda sorgin gaztearen kontrola hartuta. Kenot azti maltzurraren gaztelutik ihes egitea izango da helburu nagusia, horretarako etsaiak garaituz eta puzzleak gaindituz. Magiaren erabilera ezinbestekoa izango da oztopo eta erronka desberdinen konponbidea aurkitzeko.
Nabarmendu beharra dago bideo-jokoa guztiz euskaratuta argitaratu dutela: garatzaileek hasiera batetik euskaraz prestatutako abentura da, eta menutik euskara hautatu baino ez da egin behar.
PCra iritsi direla ospatzeko, beherapen handiarekin hasi dira saltzen jokoa: % 40 merkeagotuta 4,91 eurotara eros daiteke Valve-koen saltokian.
PlayStationeko bertsioa kaleratu zutenean Game Erauntsiatik elkarrizketatu genituen bilbotarrak. Ez hori bakarrik: azaro hasieran egin genuen Jokoteknia Bideo-jokoen IV. Euskal Jardunaldian izan ziren estudioko Ethan Reyes eta Aitor Artetxe kideak jokoaren garapen prozesuari, euskaraz bideo-jokoak garatzeko eta argitaratzeko erronkei eta Euskal Herriko bideojokogintzaren egoerari buruz hitz egiten.
The Five Covens PlayStation Talents Games Camp ekimenaren baitan garatu zuten rBorn Gamesekoek. Bilboko egoitzan hainbat euskal garatzaile izan dira eta dabiltza bideo-jokoak prestatzen: une honetan Fsix Games-eko bilbotarrak Rivalia Dungeon Raiders sortzen dabiltza; gainera, Moonatic Studios-eko iruindarrak One Last Breath itxurosoa garatzen ari dira. Horiei buruz hitz egin dugu blogean.
Azken hau euskaraz kaleratuko dute gainera; aurretik, hainbat izan dira egitasmotik euskaraz argitaratutako jokoak: Itadaki Smash, Waves Out edota Submersed, esate baterako. Guzti horiek eta askoz gehiago Game Erauntsiaren euskarazko bideo-jokoen zerrendan aurkituko dituzu.
Iruzkinak