Iragarpen interesgarriak bildu ditu aurkezpenak. Baldur’s Gate 3k eraman du urteko bideojokorik onenaren garaikurra.
The Game Awards sarien festa igaro da, urtero bezala. Geoff Keighley kazetariaren eta aurkezlearen taldeak antolatutako ekimenak denetariko irudiak utzi ditu, baina bideojokozaleentzat interesgarrienak direnak iragarpenak dira.
2023koak Monster Hunter, Blade, Dragoi Bola eta askoz gehiago utzi dizkigu; zelan ez, Hideo Kojima bezalako sortzaileentzako lekua ere egon da. Ez hori bakarrik: berregiteak, bermasterizazioak eta eduki gehigarriak ezagutu ditugu sarietan.
Bideoen erauntsia ikusi genuenez, artikuluan trailerrik interesgarrienak zerrendatuko ditugu.
Monster Hunter Wilds
Wilds Monster Hunter sagaren seigarren atal handia izango da, World maitatuaren jarraipena. Basamortu itxurako gunean dozenaka munstro ageri dira trailerrean: gure ehiztaria horien artetik mugitzen ikusten dugu dinosauro-txori antzeko izakiaren gainera igota.
Capcom-en frankiziaren ohiko elementuak ikusiko ditugu: borrokak, artisautza, misioak eta lankidetza izango dira nagusi. 2025ean estreinatuko da PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan.
Marvel’s Blade
TGAko ezusteko handietako bat Marvelen ahaztutako superheroi onena izan zen. Pertsonaiagatik baino, estudioarengatik: Arkane Lyon taldeak garatutako lana izango da. Hau da, Dishonored sarituen arduradunek.
Banpiroak ikusiko ditugu berriz, hortaz, Arkanen joko batean; Redfall-ekin egindako lana hobetzea espero da. Parisen girotuko da abentura, eta hirugarren pertsonan kontrolatuko dugu Blade. Dinka Bakaba zuzendariaren arabera, immersive sim baten aurrean gaude.
Tamalez, plataformak zein kaleratze data zehaztu gabe utzi ditu.
Light No Fire
Sean Murray buru daukan Hello Games estudioak No Man’s Sky-rekin egindakoa errepikatu nahi du Light No Firen, ordea, ez gara galaxian zehar ibiliko, mundu bakarrean baizik. Hamabi pertsonaz osatutako taldeak prozeduralki sortutako fantasiazko mundu erraldoia prestatu nahi du.
Esplorazioa, eraikuntza, kooperatiboa eta borrokak uztartuko ditu abenturak. PCrako baieztatu du Murrayk, baina ziurrenik kontsoletan ere ikusiko dugu. Noiz? Auskalo.
OD
Esan bezala, Hideo Kojima ere igaro zen Game Awardsetatik. Ez da izan iaz aurkeztutako jokoa berriz erakusteko, ordea: Death Stranding 2 alboratu du oraingoan aspalditik aurreratzen ibili den proiektua ofizialki aurkezteko.
OD izenarekin, beldurrera joko du PT (Silent Hills) utzi behar izan ondoren. Trailerrak Sophia Lillis, Hunter Schafer edo Udo Kier aktoreen aurpegi digital ikaragarriak erakusten ditu bakarrik. Jordan Peele zuzendariarekin elkartu da Kojima Xbox-eko esklusiboa izango den lan misteriotsu hau garatzeko.
Sega-ren joko berriak
Nostalgikoentzako tokia ere egon zen aurkezpenean. Segak aspaldiko frankizia mitikoak berreskuratzeko asmoa agertu du. Ez bat, ez bi: Jet Set Radio, Crazy Taxi, Shinobi, Golden Axe eta Streets of Rage berriak iragarri ditu.
Batzuk bi dimentsiotan, besteak hirutan, bideo motzak baino ez ditugu ikusi; nahikoa, dena den, jokalari beteranoen irribarrea eragiteko.
Metaphor: ReFantazio
Atlus Persona sagagatik egin da ezaguna azken urteotan, eta JRPG berezion formula errepikatuko du, beste mundu batean, Metaphor: ReFantazio itxurosoarekin.
Fantasiazko erresumara bidaiatuko dugu isekai manganimeen elementuak hartzen dituen istorioan. Txandakako borrokak ziren nagusi lehen trailerrean, baina oraingoan ARPG kutsua ere edukiko duela ikusi dugu. PC, PS5, PS4 eta Xbox Series plataformetan merkaturatuko du Segak 2024ko udazkenean.
Dragon Ball Sparking! Zero
Japoniarrekin jarraituz, Bandai Namco-k Dragoi Bolaren hurrengo borroka jokoa eraman zuen TGAra. Budokai Tenkaichi 4 izango da, deitura japoniarra erabiltzea erabaki duten arren: Sparking! —”neu nagusi, jo eta hautsi” abesti originaletik hartutako hitza—.
Hori horrela, PS2ko titulu maitatuen bidea jarraituko duen anime borroka joko klasikoaren aurrean gaude: dozenaka pertsonaiz osatutako taldea egongo da —DB Super-eko hainbat ageri dira jadanik—. Ez dakigu kaleratze datarik, baina bai plataformak: PC, PS5 eta Xbox Series hautatu ditu Son Gokuk.
World of Goo 2
2D Boy taldeak 2008an argitaratutako World of Goo zoragarriak jarraipena jasoko du. Izaki likatsuz osatutako puzzleak eta plataformak nagusituko dira berriro: ideiak, mekanikak eta proposamenak guztiz haziko direla dirudi, nola ez.
Datorren urtean jasoko dugu, baina estudio independenteak ez du plataformarik zehaztu nahi izan.
God of War Ragnarok: Valhalla
Iaz estreinatu zen Kratos eta Atreus aita-semeen bigarren abentura PlayStation kontsoletan. Eduki gehigarririk gabe ibili da orain arte, baina Sony Santa Monica-koek hori zuzendu gura dute Valhalla DLCarekin.
Bihar bertan estreinatuko dute, eta doakoa izango da. Roguelike mekanikak gehituko dizkio obra originalari, aurreko God of Warreko erresuma batzuetan ikusitakoak hobetuz eta handituz.
Jurassic Park Survival
Alien Isolation-ekin egindakoa jarraitzeko asmoa dute Saber Entertainment-ekoek Jurassic Park Survivalekin: lehen pertsonan biziko dugun beldurrezko jokoa dugu.
Lehen filmeko hainbat leku ageri dira bideoan; ez dira dinosauroak faltako, noski. PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan merkaturatuko da etorkizunean.
Black Myth: Wukong
Hilabete mordoa daramatzagu Black Myth ikaragarriaren bideoak ikusten. Game Science talde txinatarrak argitaratze data zehazteko ordua dela erabaki du: 2024ko abuztuan estreinatuko da Sun Wukong-en kondairan oinarritutako akziozko abentura.
Azken trailerrean munstroez nahiz izakiez, borrokez eta atal grafiko ikusgarriaz gozatzeko aukera eduki dugu berriro. Gaur egungo gailuetan jokatu ahalko dugu.
Trailerren zaparrada
Aipatutakoak aurkezpeneko bideorik esanguratsuenak izan dira, baina TGA sariek askoz gehiago bildu zituzten.
Hellblade 2: Senua’s Sacrifice, Rise of the Ronin, Visions of Mana, Kemuri, Persona 3 Reload, Trasher, Brothers: A Tale of Two Sons Remake, Prince of Persia: The Lost Crown, The First Berserker: Khazan edo Final Fantasy XVIren eduki gehigarrien —lehena estreinatu da jadanik!— bideoak erakutsi zituzten ekimenean, besteak beste.
Sariez ahaztu gabe
Guretzat nabarmentzekoak iragarpenak badira ere, aurkezpenaren ardatza sariak izan ziren. Baldur’s Gatek 3k lortu zuen urteko bideojokorik onenaren garaikurra; gainera, multijokalariaren, komunitatearen babesaren edo rol jokorik onenaren sariak jaso zituen Larian Studios-en bideojoko ikaragarriak.
Alan Wake 2 izan zen TGAko beste irabazleetako bat. Remedy-ren beldurrezko abenturak zuzendaritzarik onena, arte zuzendaritzarik onena zein narratibarik onena irabazi zituen.
The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom zen aurtengo faboritoetako bat, baina ez du zorte handirik izan: Akzio eta abentura jokorik onenaren garaikurra baino ez du eskuratu. Marvel’s Spider-Man 2 baino hobeto ibili da, dena den: zortzi sariren hautagai izanik, ez du bakarra ere lortu.
Indierik onena Sea of Stars JRPG zoragarria izan da; etorkizunera begira jarriz, jokorik desiratuena Final Fantasy VII Rebirth izan da.
Polemikak nagusi izan dira sarietan, hala eta guztiz ere. Sarien irabazleek 30 segundo eskas eduki zituzten hitzaldietarako; tamalgarria, Larianetik zendutako lankidea omendu nahi zutenean, esate baterako.
2023ko The Game Awards sarien ekimen osoa ikusi nahi izanez gero, jarraian duzue bideoa:
Iruzkinak