Hiru dimentsioekin jarraitu du borroka jokoen saga klasikoak. Aurten kaleratuko dute.
Ofizialki 2019ko EVO txapelketan iragarri zen, baina SNK-koek ez dute The King of Fighters berriaren irudi edo bideorik erakutsi orain arte. Hamabosgarren borrokalarien erregearen txapelketa aurpegi ezagunekin aurkeztu dute pertsonaiak zein kokalekuak biltzen dituen trailerrarekin. Kyo, Leona, Mai eta Benimaru bueltan dira.
Aurreko jokoan egin bezalaxe, hiru dimentsioko atal grafikoa izango du borroka jokoak. Oraingoan alde honetan lan gehiago egin dutela dirudi, animazio eta modelo hobeagoak prestatuta. Modu horretara bi dimentsioko sprite landuak atzean utzi dituzte behin betiko garatzaile japoniarrek.
Argitaratze data orokorra ere eman dute aurkezpenarekin: 2021ean estreinatuko da The King of Fighters XV. Hori bai, plataformak ezezagunak dira: PlayStation 4ko bertsioa baieztatuta zegoen arren webgune ofizialetik ezabatu egin dute arduradunek. Shun'ei borrokalariaren mugimenduak erakusten dituen trailer oso laburra ere zabaldu dute gainera:
Klasikoen itzulera
Hamabosgarren jokoaz gain aurreko lanak ere aipatu dituzte japoniarrek. The King of Fighters XIV Ultimate Edition iragarri dute: eduki gehigarri guztiak batzen dituen edizio hau dagoeneko bertsio digitalean merkaturatu dute PS4rako. Edizio fisikoa udaberrian estreinatuko da.
Joko zaharragoak ere jasoko dituzte PlayStationekoek: The King of Fighters 2002: Unlimited Match iritsiko da PS4ra. Zaleek asko eskertuko dute rollback netcode sistemarekin etorriko da, sare bidezko partida egonkorragoak lortzeko. SNK-koek ez dute argitaratze datarik zehaztu.
Iruzkinak