Hello Games-ek garatutako esplorazio eta puzzle abentura ederra Steam Next Fest ekimenean frogatzeko aukera egongo da.
Iaz estreinatutako The Last Campfire bereziak azkenik jaso du Valve-n plataforma digitalerako argitaratze eguna. No Man’s Sky arrakastatsuaren arduradunek prestatutako obra hau urriaren 7an estreinatuko da Steamen.
Aurretik hainbat plataformetan jokatzeko egon da Hello Gamesen lana. PlayStation 4, Xbox One, Switch kontsoletan estreinatu zen joan den urteko abuztuan, eta baita iOS gailuetan Apple Arcade harpidetzaren bitartez. Ez hori bakarrik: PCan bertan ere jokatu daiteke, baina Epic Games Store saltokiaren bitartez. Esklusibotasuna bukatuta, Steameko erabiltzaileek erosteko egongo da azkenik.
Puzzleak eta esplorazioa izango dira abentura txiki honen oinarriak. Ember deitutako izpiritua protagonista izanik, honen zeregina pertsonaia desberdinei laguntzea izango da. Halere ez da posible izango aurkituko dituen lagun guztiei laguntza eskaintzea, eta hortaz jokalariek erabaki beharko dute nortzuk geratuko diren atzean.
Izan ere bideo-jokoak enpatia eta galera bezalako gaiak jorratuko ditu, abentura ederra baina aldi berean tristea zein beldugarria eratuta.
The Last Campfire urriaren 7an Steamen kaleratu aurretik frogatzeko aukera edukiko dute interesatuek. Urriaren 1ean Valvekoek hasiko duten Steam Next Fest ekimenaren baitan egongo den bideo-jokoetako bat izango da: bertan doako demoak, elkarrizketak eta gehiago bilduko dituzte urriaren 7ra arte.
Iruzkinak