Jatorrizko jokoa goitik behera aldatuko duen birmasterizazioa irailaren 2an kaleratuko da PS5-ean; ondoren, PC-ra helduko da.
The Last of Us Part I izan zen, inolako zalantzarik gabe, ekainean ikusi ahal izan genuen Summer Game Fest aurkezpeneko ezustekorik handiena. Naughty Dog bere maisulana berregiten ari dela jakin genuen bertan, baita aurten estreinatuko dela ere. Argitaratze data hurbil egonda, eta filtrazio batzuk azaleratzen hasi direla ikusita, PlayStation-ekoek jokoaren aldaketak eta berritasunak ezagutzera emateko bideo sakona argitaratu dute.
Neil Druckmann —oraingoan ez da zuzendaria izango— eta Naughty Dogeko taldekideak proiektuari buruz hamar bat minutuz hitz egiten ikusiko ditugu hemen. Ez hori bakarrik: jokagarritasuna lehen aldiz erakutsi dute, aurkezpenean zinematiketara mugatu baitziren.
PlayStation Blog webgunean azaltzen dutenez, 4K natiboak segundoko 30 irudiko tasara mugituko ditu jokoak; hala ere, bereizmen dinamikoarekin 60 fps-tara ere jokatu ahalko dugu, horrela nahi izanez gero. Horri bigarren ataleko grafiko ikusgarriak gehitu behar zaizkio: lehenengo titulua berregin dute sekulako atal estetikoarekin.
Diotenez, horri esker begiradetan eta aurpegien keinuetan ardaztu ahal izan dira, bai jokoan, bai zinematiketan sekulako kalitatea erakusteko. Animazioekin ere antzekoa egin dute, ikaragarrizko maila agerian jarrita. PlayStation 3-ko jokoa berreginda, baina, askoz harago joan nahi dute: egungo belaunaldiarekin balek dinamikoki suntsituko dituzten hormigoizko hormak ikusiko ditugu, adibidez.
Irisgarritasun ezaugarriak ere aipatzekoak dira: PlayStationekoak lan bikaina egiten ari dira alor honetan euren azken jokoekin, eta gauza bera egingo dute The Last of Usen. Modu horretara, ikusmen arazoak dituzten jokalarientzat era guztietako aukerak prestatzen ari dira.
Hauei guztiei ohiko 3D soinua, DualSense agintearen ezaugarriak eta bestelakoak gehitzen zaizkie. Gainera, Joel eta Ellie protagonistentzako jantzi sorta berria, desblokeatzeko figurak, speedrun zein heriotza bakarreko modalitateak eta askoz gehiago prestatzen dabilza Naughty Dogekoak.
PlayStation 5eko jokalariek irailaren 2tik aurrera jokatu ahalko dute The Last of Us: Part Iera. Ez da plataforma honetako esklusiboa izango, ordea: oraindik zehaztu gabe data batean PCko bertsioa ere edukiko du bideojokoak.
Iruzkinak