1.08 bertsioarekin irudien tasa aldatzeko hautagailua gehitu dute PlayStation 5ean.

Iazko bideo-jokorik onenetako bat are hobeto gozatzeko eguneraketa argitaratu du Naughty Dogek. Bere The Last of Us Part II arrakastatsua 60 irudi segundoko tasara jokatzea ahalbidetzen duen 1.08 bertsioa prestatu dute PlayStation 5erako.

Eguneraketak menu nagusian hautagailu bat gehitzen du. Modu horretara jatorrizko 30 fps-tara edota framerate bikoiztura jokatzeko aukera eskaintzen dute garatzaileek. Aldaketa agerian jartzeko ohiko bideo sakona prestatu dute Digital Foundryko kideek:

Gogoratu beharra dago jatorriz PlayStation 4rako obra dela The Last of Us Part II; adabaki honen aurretik ez duela jaso belaunaldi berriko kontsolaren indarraz aprobetxatzeko hobekuntzarik.

Hori horrela argiztapena, efektuak eta atal grafikoaren bestelako elementuak berdin mantenduko dira PS5ean. Hau da, PS4 Proan ikusi bezala 2560×1440ko bereizmena izango du; murriztutako karga denborak ditu kontsola berrian, hori bai.

Ez da Sonyk aurreko belaunaldiko jokoak PS5ean hobeto ikusteko prestatzen duen lehen eguneraketa. 2016ko Ratchet & Clank, God of War, Ghost of Tsushima eta aste honetan PCrako argitaratutako Days Gonek ere antzeko adabakiak jaso zituzten atal grafikoa hobetzeko helburuarekin.

Etorkizunerako Naughty Dogen berriak ere aipatu dituzte prentsa oharrean: “Taldea PS5aren hardwarean murgiltzen ibili da desblokatzen dituen ezaugarriak ezagutzeko pasa den urtean merkaturatu zenetik”, diote bertan. “Eguneraketa hau PS5arekin lan egiteko lehen pausoa da”.