Bermasterizazio hutsa izan beharrean, era guztietako hobekuntzak nahiz berrikuntzak ekarriko ditu. PlayStation 5ean ikusiko ditugu.
The Last of Us sagaren jarraitzaileek ez dute atal berririk jasoko oraingoz, baina eduki berri interesgarriak aurkeztu dituzte Naughty Dogeko arduradunek. Urtarrilaren 19an bigarren atalaren bermasterizazioa merkaturatuko dute: The Last of Us Part II Remastered.
PlayStation 5erako bereziki prestatutako bertsioa izango da; erabaki bitxia iruditu zaie jarraitzaile askorik, dagoeneko kontsolaren indarra aprobetxatzen baitu jatorrizko jokoak.
Hori bai, era guztietako hobekuntza grafikoak proposatzen ditu bermasterizazioak: 4K bereizmena, berrizte tasa aldakorra (VRR) duten telebistentzako euskarria, bereizmen handiagoko testurak, areagotutako itzalen kalitatea, kalitate maila distantzia zabalagoetan mantentzea, karga denbora murriztuak… ohiko kontuak.
Remastered izena motz geratzen zaiola dirudi, baina; izan ere, Naughty Dogekoek askotariko berritasunak eta ezaugarriak inplementatuko dituzte bertsio eraberrituan.
Hasteko, No Return izeneko modalitate berrian jokatu ahalko dugu. Roguelike estiloko joko mota izango da: ausazko borrokak eta tiroketak zein isilpean ibiltzeko guneak biziko ditugu. Pertsonaia desberdinen artean hautatzeko aukera egongo da, berezko ezaugarriekin, ekipamenduarekin eta abileziekin. Ez hori bakarrik: partidan aurrera egin ahala ordainsariak desblokeatuko ditugu, jokagarritasuna biziberrituz.
Speedrun modalitatea ere edukiko du urtarrileko jokoak. Gainera, azal (skin) edo jantzi berriak gehitu dituzte: batzuk jokatuz desblokeatu beharko ditugu.
Jatorrizko TLoU 2n agertzen zen eszenako jokagarritasuna hedatu dute arduradunek. Diotenez, zale askori gitarra jotzearen unea ikaragarri gustatu zitzaien, eta bermasterizazioan edozein unetan jotzeko aukera gehitu dute, pertsonaia desberdinen artean hautatuz.
Jokotik kanpo geratu ziren mailak eta uneak berreskuratuko dituzte bertsio eraberriturako. Galdutako mailak (Lost Levels) modalitateko are aukera gehiago ekarriko ditu Remasteredek: bukatu gabeko eszenak izango dira, garapen prozesuan alboratutakoak.
Onena? Hauetan zein kanpaina nagusiko guneetan garatzaileen eta bikoizlarien iruzkinak entzun ahal izatea. Neil Druckmann zuzendariak, Halley Gross narratiba arduradunak eta Troy Baker, Ashley Johnson nahiz Laura Bailey aktoreek parte hartuko dute modalitate honetan, jokoaren garapenari zein pertsonaien testuinguruari buruzko xehetasunak eta bitxikeriak azalduz.
The Last of Us Part II Remastered prezio osoan argitaratuko da datorren urtarrilean. Hala eta guztiz ere, jatorrizko bideojokoa daukatenek 10 euroren truke egunera dezakete Remastered bertsiora.
PlayStation 5erako iragarri dute soilik, oraingoz. Noski, honek zalantzak eragin ditu ordenagailuetako jokalarien komunitatean: PCko bertsioa prestatzen ote dabiltza? Ez litzateke harritzekoa izango, PlayStationek apustu horrekin jarraitzeko asmoa agertu baitute.
Bitartean, esan bezala, PS5ean jokatu beharko dugu: urtarrilaren 19tik aurrera izango dugu aukera.
Iruzkinak