Chronological Experience izeneko eguneratzea PlayStation 5eko zein PCko bertsioetara iritsi da. Arropa eta garaikur berriak dakartza.
The Last of Us Part II Remasteredentzako eduki gehigarria aurkeztu dute Naughty Dog estudioak eta PlayStationek. Doako adabakiarekin abentura osoa kronologikoki bizitzea ahalbidetu dute hala nahi duenarentzat.
Jatorrizko jokoan aritu direnek ondo jakingo duten bezala, Ellie eta Abby protagonisten istorioak ez du egitura kronologikoa jarraitzen: egunak eta jazoerak nahastuta biziko ditugu TLoUren bigarren atalean. Egitura hori “jokoaren gaiek eta gako narratiboek jokalariengan eragiteko nahita ezarritakoa” dela diote garatzaileek.
Hala eta guztiz ere, istorioa bere osotasunean hobeto ulertzen zein beste era batera gozatzeko bide aparta da Chronological Experience deitutako aukera berria. “Ez da lan gutxi izan”, nabarmendu dute Naughty Dogekoek.
Estudioaren 40. urteurrena ospatzen hasteko edukiak ere gaineratu dizkiote bideojoko arrakastatsuaren birmasterizazioari: adibidez, No Return modalitatean maneia ditzakegun Joel eta Tommy anaiak Uncharted sagako Nathan eta Sam Drake anaien arropekin jantzi daitezke jokoa kronologikoki gainditu ondoren.

Eguneraketarekin, bukatzeko, era guztietako akats zuzenketak eta hobekuntzak inplementatu dituzte. PCko bertsioan egonkortasun zein errendimendu optimizazioak, konpondutako bug-ak eta bestelakoak aipatzen dira.
Game Erauntsian abentura zoragarria iruditu zitzaigun TLoU Part II, bai ala bai jokatu beharrekoa. Hauxe esan genuen analisian:
Ez dakit noiz jokatuko dudan berriro, ezta inoiz gainditzera animatuko naizen ere, baina beti bihotzean geratuko zaidan lan horietakoa da The Last of Us Part II.
The Last of Us Part II Remastereden Chronological Experience modalitatea PS5ean eta PCan joka daiteke dagoeneko.
Iruzkinak