Mii-ak abentura jokoko pertsonaietan bihurtu daitezke, eta prozesua alderantziz gauzatzeko aukera ere badago.
Ezaguna da Nintendok era guztietako trikimailuak erabiltzen dituela bere jokoen garapenerako. Asko eta asko bitxikeria hutsak dira, eta beraien jokoen jarraitzaileen gozamenerako izan ahal diren arren, N Handiak ez du sekretu horien berri ematen. Halere, zale amorratuenak lan hori egiteko prest agertzen dira noiz edo behin.
Horren adibide ezin hobea da The Legend of Zelda: Breath of the Wilden egindako azken aurkikuntza. Twitterreko @HEYimHeroic erabiltzaileak jakitera eman duenez, Switch eta Wii Uko Zelda honetako NPCak benetan Mii aurreratuak dira. Hau da, Hyruleko herri eta landetan ezagutu daitezkeen pertsonaia generikoak Mii-ak sortzeko tresnaren bertsio berezi batekin egindakoak dira.
Prozesu guztia azaltzeko Twitterreko haria sortu du zaleak. Bertan adierazten duenez, BotW-eko NPCak UMii izeneko formatuan sortuta daude. UMii hauek jatorrizko Mii-en antzeko ezaugarriak erabiltzen dituzte. Halere gauza batzuk berdin mantentzea ezinezkoa da: ez dituzte oreztak onartzen, esaterako.
Sortutako edozein Mii bideojokora pasatzea posible dela nabarmentzen du @HEYimHeroic-ek, eta hainbat adibide argitaratu ditu. Adibidez, Super Smash Bros. Ultimaten azken eguneraketan Final Fantasy VIIko Barret pertsonaiaren itxura gehitu zuten Mii pertsonaientzat; hori hartu eta Zeldara pasatu du zaleak.
Iruzkinak