Irailaren 26an hasiko dira Zelda printzesaren bakarkako abenturak. Hyrule erresuma denetariko elementuak kopiatzeko ahalmenarekin esploratuko dugu.
Egun gutxi batzuk geratzen dira Zelda berriaz gozatzeko. The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom merkaturatu arte itxaroten gauden bitartean gogoak pizteko aurkezpen bideo sakona prestatu dute N handikoek: bost minutuko iraupena gainditzen duen trailerra ikus dezakegu beren eskutik.
Zelda printzesaren lehen bakarkako abenturak izango dira Echoes of Wisdomekoak —ez, ez dugu Zelda: The Wand of Gamelon kontuan hartuko—. Link heroia desagertu egingo da Ganon maltzurraren aurkako borrokan, eta jakituriaren ikurra den Zeldan bilakatuko gara Hyrule erresuma salbatzeko.
Gure Zelda ez denez ezpataria, bestelako botereez baliatu beharko gara arerioak gainditzeko, puzzleak argitzeko zein mundua zeharkatzeko. Try izeneko maitagarriak eskainitako makila hirukoitzari esker (Tri Rod) egingo ditugu guztiak: makila miragarri honek munduko objektuak zein bizidunak kopiatzeko eta itsasteko boterea eskaintzen digu.
Zer suposatzen du honek? Pentsa, ibai bat zeharkatu nahian gabiltza, baina ez daukagu zubirik edo biderik. Aurrera egiteko, esaterako, ohe bat kopia dezakegu, ondoren hainbat sortzeko eta zubia eraikitzeko. Adibide txikia da Zelda berri honek proposatuko digun mundu askean: kopiatzeko dozenaka elementuri esker, denetariko bideak edukiko ditugula dirudi abenturan aurrera egin ahal izateko.
Lotzeko ahalmenarekin, esaterako, objektuei zein piztiei lotu gaitezke, hauekin batera mugituz; ezpatari itxurarekin, berriz, denbora motzean erasotzeko aukera edukiko dugu; hala eta guztiz ere, eraginkorrena munstroak kopiatzea izango da, ondoren hauek gure alde borrokan jartzeko.
Link’s Awakening-en berregite ederrean ikusitako atal grafikoa berrerabiliko du Echoes of the Wisdomek; halere, Koholint irla alboratu, eta Hyrule zabalera bidaiatuko dugu: gazteluarekin batera Faron-go hezeguneak, Gerudo basamortua zein Eldin sumendia bisitatuko ditugu, beste hainbat tokiren artean. Gelditutako mundua izango da misterio handienetakoa: Link bertan harrapatuta geratu dela dirudi, baita erresumako beste zenbait bizilagun eta elementu ere.
Bizilagunak aipatuta, Zeldaren unibertsoko izaki zaharrak zein berriak ikusiko ditugu. Hylian gizakiekin batera Goron, Zora —ur gazikoak zein gezakoak azalduta—, Deku, Gerudo eta beste hainbat arraza agertuko dira, baita ReDead, Tektike edo Moblin maltzur mitikoak.
Aipatutako Nintendoren bideojoko berriaren zati txikia baino ez direla dirudi. Zeldaren abenturek gordetzen duten guztia ezagutzeko irailaren 26ra begira jarri beharko gara: egun horretan jokatu ahalko dute Switch kontsolako erabiltzaileek.
Iruzkinak