Wes Ball arduratuko da hezur haragizko aktoreen luzea zuzentzeaz. Nintendo-ren eta Sony Pictures Entertainment-en arteko elkarlana da.

Nintendok The Legend of Zelda frankiziaren filmaren argitaratze data zehaztu du. 2027ko martxoaren 26an iritsiko da mundu osoko zinemetara.

Joan den astean abian jarritako Nintendo Today berrien aplikazioaren bidez eman du ezustekoa N handiak. Ez digute askoz gehiago azaldu: bideo motza baino ez dute eskaini.

Aldez aurretik dakiguna hartuta, Wes Ball (The Maze Runner, Kingdom of the Planet of the Apes) izango da Link heroiaren, Zelda printzesaren eta Ganondorf bilauaren kondaira zuzentzeaz arduratuko dena. Ez da animazio filma izango, Mario iturginarekin egin bezala: hezur haragizko aktoreekin grabatutako luzea prestatzen dabiltza oraingoan.

2023 bukaeran iragarri zuen proiektua Shigeru Miyamoto The Legend of Zeldaren —beste hainbat izen handiren artean— sortzaileak. Ordu hartan jakitera eman zutenez, Nintendo Sony Pictures Entertainmentekin elkartu da: aurrekontuaren erdia jarri du talde bakoitzak.

Aktoreak edo gidoiaren xehetasunak ezagutzea geratzen zaigu, hortaz, gainerako guztiarekin batera. Ez dakigu bideojoko zehatzen batean oinarrituko diren, edo handik eta hemendik hartuko duten Zeldaren atal desberdinetako ideiak nahasteko. 2027ra arte zain geratu beharko gara ezagutzeko.