Etsai zein buruzagi guztiz berriak, arropa sistema, hobekuntzak eta abileziak nahiz bestelakoak gehitzen dabiltza, Ocarina of Time oinarri hartuta. 2026an kaleratuko da.
Indigo proiektuko Kenton M arduradunak garapenaren eguneroko berria argitaratu du sare sozialetan. Zale taldeak The Legend of Zeldaren romhacka geroratzeko erabakia hartu du; hala eta guztiz ere, azken hilabeteetan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu.
“2025 bukaeran… ziurrenik”, aldarrikatu zuten martxoan garatzaileek. Ez da horrela izango: proiektua handitu ahala, romhackaren tamaina orokorra murriztea pentsatu zuela aitortzen du egileak; taldeak ideiaren aurka egin zuen, indarberrituta eta gogotsu agertuta, eta, azkenean, ideia eta proposamen berriekin aurrera egitea erabaki dute.
Hala eta guztiz ere, ez dugu askoz gehiago itxaron beharko bertsio berrian jokatzeko: gutxienez, “GTA VI estreinatu aurretik” prest edukitzeko asmoa daukate zaleek.
Berritasun mordoa
Ocarina of Time originaleko etsaiak alboratuko dituzte, hasteko. Jatorrizko ideia etsai berriak zein romhackak oinarritzat hartzen dituen abenturako buruzagiak nahastea zen; horren ordez, zortzi ziega berri, eta bakoitzean garaitu beharreko arerio indartsu bana ikusiko ditugu. Aipatutakoei, zelan ez, Indigoko amaierako etsai nagusia, eta bestelako arerio arruntak zein miniburuzagiak gehitu behar zaizkie.
Horietako pare bat iragarri dituzte, gainera: pirata itxuradun Stalfo eskeletoa edo Beamos eta Armos estatuak nahasten dituen arerio berria erakutsi ditu Kentonek bideoan.
Jarraituz, istorioa eratzerako orduan oso lagungarria egingo zaien hizketaldien sistema zaharberritua prestatu dute, aurrekoa alboratuz.
Link heroiak —37 urte ditu abentura honetan— objektuak eta hauentzako animazioak jasoko ditu, gainera: 50 bat animazio prestatu dituztela adierazi du egileak.
Horiei lotuta dago abilezien sistema: istorioan aurrera egiterakoan edo mundua esploratzerakoan aurkituko ditugun bedeinkapen hauek denetariko mugimenduak eskainiko dizkiote Linki. Eraso birakariari tximistak gehitzen dizkion mugimendua, edo itzulipurdia bulkada bizkorrarengatik ordeztuko ditugu, besteak beste. Ezpata hobetzeko sistema ere ikusiko dugu, mea bereziak biltzerakoan indarra areagotuta.
Bukatzeko, arropen eta jantzien sistema ikusgarria ezagutarazi dute. Breath of the Wild edo Tears of the Kingdom ataletan ikusitako arropa sistemarekin antzekotasun handiak ditu, baina, zentzu batean, are sakonagoa izango da: buruko, gorputzeko edo hanketako elementuak aldatzen joan gaitezke —bizarra edo ilea aldatuta, adibidez—, denboraren heroiari itxura desberdinak eskaintzeko. Arropen kolorea ere aldatu ahalko dugu, gainera.
The Legend of Zelda: Ocarina of Timekin sekulako eraldatzeak eta romhackak ikusi ditugun arren, Indigorekin egiten dabiltzan lana harritzekoa da. OOTren ROM fitxategia beharko dugu Indigon jokatu ahal izateko. Emulagailuetan funtzionatuko du, baina, dena ondo badoa, Nintendo 64 originalean mugitzeko gai izango gara.
Lander Unzueta
Iruzkinak