Testura hobeak, bereizmen handiagoak edo pantaila zabalentzako euskarria prestatzen ari dira. Ship of Harkinian izendatutako port-a garapenean dago oraindik.
Nintendo 64 kontsolarako 1998. urtean kaleratutako The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulana berregiten ari da Harbour Masters deitutako bideojokozaleen taldea. Zehazki, ordenagailuetarako porta prestatzen ari dira Ship of Harkinian izenpean; horrez gain, bertsio berrirako modak garatzen ari direla ezagutzera eman dute.
Orain hiru urte Super Mario 64-ren PCko bertsioa ikusi genuen. Jatorrizko jokoa dekonpilatuta sortutako porta da; bertan era guztietako modak eta berritasunak sortu dituzte zaleek, eta gauza bera egingo dute dagoeneko dekonpilatzea lortutako Ocarina of Timekin.
Zabaldutako bideoetan ezaugarri interesgarriak ikus daitezke. Nola ez, lehenengo prestatzen ari direna atal teknikoa hobetzeko aldaketak dira: kalitate handiko testurak zein bereizmen handiagoan jokatzeko aukera nabarmentzen dira.
Ez hori bakarrik, 16:9 formatuko pantailetara egokituko dute bideojoko klasikoa. Emulatzaileak erabilita antzeko gauzak egin daitezke, noski, baina jokoa berez 4:3 formatuan mugitzen denez, hainbat akats eman daitezke. Ez da gauza bera gertatuko mod hauekin, jokoa natiboki modu horretara funtzionaraztea lortzen baitute. Ultra pantaila zabalentzako euskarria ere prestatu dute.
Atal grafikoa hobetzearekin batera, beste mota bateko zorakeriak sortzen ari dira zaleak. Bideo batean Lylat Wars-eko Arwing ontziak ikus daitezke Link erasotzen. N64ko jatorrizko tituluan bazegoen Arwingaren modeloa: hau Z-Targeting sistema probatzeko erabili zuten. Hala ere, portean dozenaka ontzi agertzen dira heroi gixajoari tiro egiten.
Stalfos-aren modeloa Link gaztearenarekin aldatuta agertzen da beste bideo batean. Linken animazioak mantentzen ditu, aldaketa handiagoak egin daitezkeela erakutsita. Beraz, etorkizunean Shigeru Miyamoto sortzaileak prestatutako erronkak eraberrituta ikus ditzakegu.
Giroskopio bidezko kontrolentzako euskarria ere gehitu dute. Arkuarekin apuntatzerakoan giro kontrolekin jokatzen ikus daiteke garatzaile bat. Ez dute kameran aldaketarik erakusten duen probarik erakutsi, baina ziurrenik bigarren stick-arekin kamera libreki mugitzeko aukera gehituko dute baita, Super Mario 64n egin bezala.
Testura aldaketak ere probatu dituzte: Marioren jokoko Toad-en aurpegia hartuta jokoko testura guztiak moldatu dituzte, adibidez. Txorakeria dirudien arren, aldaketa esanguratsuagoak egin daitezkeela erakusten du horrek.
Ship of Harkinian porta bera bukatu gabe dago oraindik. Hala ere, laster berritasun handiak iragarriko dituzte arduradunek: martxoaren 22rako Ship of Harkinian Direct deitutako zuzenekoa egingo dute. 23:30ean hasiko da; bost minutuko iraupenarekin datozen egunetan argitaratuko dituzten berrikuntzak zerrendatuko dituzte.
Egiten dabiltzan lana guztiz legala dela gogoratu beharra dago. PCko portak ez ditu jatorrizko jokoaren baliabideak erabiltzen: norberaren ROM fitxategia dekonpilatu beharko da bertako modelo, testura, shader, musika eta bestelako baliabideak hartzeko ondoren PCko bertsioa sortu ahal izateko.
Iruzkinak