Denbora zein urtaroak kontrolatzera eraman ziguten 2001. urtean Capcom-ek Game Boy Color eramangarrirako sortutako jokoek.
Nintendo Switch Online zerbitzuko bideojokoen eskaintzak hazten jarraitzen du. The Legend of Zelda: Oracle of Ages zein Oracle of Seasons mitikoetan joka ditzakegu jadanik N handiaren kontsola hibridoan.
Labrynna eta Holodrum erresuma bitxietara berriz bidaiatzeko aukera ezin hobea dugu, beraz. Izan ere, 2001ean Game Boy Color kontsola eramangarrian estreinatutako bideojoko klasikoak dira bi Oracle hauek.
Link’s Awakening maitatuaren oinordekoak direla esan daiteke. Halere, Nintendotik kanpo garatutako lanak direla azpimarratu beharra dago: Capcomen Flagship estudioak sortu zituen Kiotokoen gidaritzapean.
Elkarrekin kaleratu ziren arren, ez pentsa Pokémon bezalako jokoek eduki ohi dituzten bi bertsioen bidea jarraitzen dutenik: bereizitako abenturak biziko ditugu bakoitzean, esploratzeko lur desberdinekin, biltzeko objektu sorta propioarekin eta gainditzeko erronka bereziekin.
Horrela, Oracle of Agesen denboran bidaiatzeko ahalmena izango da ardatz nagusia. Denboraren arpari esker iraganaren eta orainaldiaren artean bidaiatuko dugu; horrekin jokatuko du abenturak, oztopoak gainditzeko bidea izanik.
Oracle of Agesek, berriz, urtaroz aldatzeko abilezia eskainiko digu. Urtaroen makilak emandako botereekin udaberria, uda, udazkena nahiz negua ekar ditzakegu: kokalekuak zeharo aldatuko dira une bakoitzean, bideak irekiz, edo itxiz, baita pertsonaia eta erronka berriak azaleratuz ere.
Abentura independenteak dira, baina elkarri lotutakoak: azken sekretuak argitzeko bidea erraztuko dute Switcheko bertsioek.
Esan bezala, dagoeneko Nintendo Switch Online zerbitzuko edozein harpidetzetan gaineratu dituzte bi bideojokoak.
Gauza bera gertatzen da Game Boyko beste obrekin, baita NES nahiz SNES kontsolako tituluekin ere: Super Mario World, A Link to the Past, Super Metroid, Super Mario Land 2, Link’s Awakening eta askoz gehiago daude eskaintzaren baitan.
Iruzkinak