Atal teknikoa hobetu, bizi-kalitaterako aldakuntzak gehitu eta aginte arruntekin jokatzea ahalbidetuko dute birmasterizazioan.
Hilabete eskas geratzen da The Legend of Zelda: Skyward Sword-en birmasterizazioa merkaturatzeko. Sagaren 35. urteurrena izanik, eta jatorrizko abenturak 10 urte beteta, data aproposa da Skyward Swordera berriz jokatzeko. Wii kontsolako joko honek ezaugarri bereziak zituen, eta horiek aurkeztu zein HD bertsioaren berritasunak aipatzeko trailerra zabaldu dute Nintendoko arduradunek.
Jatorrizko jokoaren berezitasunik handiena bere kontrol eskemaren aldetik zetorren. Wiimote agintearen Plus gehigarria erabilita Link-en ezpata zehaztazun handiz maneiatzea zen Skyward Sworden ardatzetako bat. Modu horretara kolpe zehatzak eta mugimendu bereziak egin zitezkeen. Arerio gehienak akatzeko ezinbestekoa zen zehaztasun hori, ezpatadaka horizontalen, bertikalen edota diagonalen artean eraso behar baitzen.
Switchak gauza bera egiteko aukera emango du, baina modu eramangarrian bakarrik erabili ahalko da agintea ezpataren mugimenduak egiteko. Telebistara konektatuta jokatzerakoan ezingo dira joycon aginteak erabili kontrol horiek mantentzeko; Switch Lite kontsolak, aldiz, ez du joycon-ak solte erabiltzeko aukerarik ematen zuzenean. Hortaz garaitzaileek kontrol eskema guztiz eraberritu dute aginte arrunten joystick eta botoien bidez funtzionatzeko.
Horrez gain, Nintendoren Erresuma Batuko webgunean orain arte agertu gabeko askotariko berrikuntzak aipatu dituzte, horiek gehiegi zehaztu gabe. Switcheko bertsioak atal teknikoan hobekuntzak jasoko dituela ziurtatzen da bertan: ez da harritzekoa, dagoeneko bereizmena eta segundoko irudien tasa baieztatuta daude-eta. HD bertsioak 1080p-ko bereizmenera eta 60 fps-tako tasarekin funtzionatuko du Switchean.
Orain urte Wii U-rako argitaratutako Wind Waker HD eta Twilight Princess HD bertsioek atal tekniko eraberritua eduki zuten; lehenengoaren kasuan argiztapena eta shaderrak guztiz aldatu zituzten, eta TP-k kalitate handiko testurak jaso zituen, bereizmenaren areagotzearekin batera. Hori horrela, antzeko ezaugarriak espero dira Skyward Sword HD honetarako.
Bizi-kalitaterako aldaketak ere zerrendatzen dituzte Nintendo UK-koek. Horien artean tutorialak eta jokalariaren gidatzea nabarmentzen dituzte; jatorrizko jokoaren inguruko kexarik errepikatuenetako bat Fi izpirituaren aholkuek abenturaren erritmoa geldotzen dutela izanik, ez da harritzekoa horren inguruan lan egin izatea. Aldaketa horietako bat orain hilabete baieztatu zuten, baina zaleen aldetik hainbat kritika jaso zituen. Zelda eta bere Loftwing-aren amiibo figura erabilita zerura igotzeko bidaia azkarra edozein lekutan erabili daiteke; hori gabe mapatik sakabanatutako estatuetan soilik bidaiatu daiteke laino artera.
Skyward Sword Zelda sagaren lehen atala da kronologia kontuan hartuta. Mundu irekiak albo batera utzi eta jostagarritasun linealagoa proposatzen du jatorriz 2011n kaleratutako abenturak.
The Legend of Zelda: Skyward Sword HD uztailaren 16an merkaturatuko da Nintendo Switcherako.
Iruzkinak