Nintendo Direct-ean trailer motza aurkeztu dute, behin betiko izena zehazteaz gain.
Denok espero genuena zen, eta Nintendokoek ez dute hutsik egin. The Legend of Zelda berria agertu da gaurko Nintendo Directean. Azkenik ezagutu dugu bere izenburua: Tears of the Kingdom deituko da Link-en hurrengo abentura. Are garrantzitsuago, argitalpen data zehaztu dute: datorren urteko maiatzaren 12an iritsiko da Switch-era.
Trailer motzarekin egin dute iragarpena. Bertan, Breath of the Wilden ikusitakoaren antzeko kondairen iruditegia izan da nagusi: arerio berria dirudiena, munstroen armada, eta, nola ez, Link nahiz Zelda ikus daitezke bertan.
Jokagarritasunarentzako txokoa ere egon da, zorionez: Hyrule erresumako zeruak izango dira Tears of the Kingdomeko protagonistak. Izan ere, Linkek oraingoan zeruan sakabanatutako irletara bidaiatzeko abilezia lortuko du. Beheko lurretara jauzi egin daiteke, baina baita zerutik zehar bidaiatu, txori itxurako tresna bati esker.
Horrez gain, berritasun gutxi ikusi ditugu jokoaren inguruan. Dakigunagatik, Ganondorf zitala itzuliko da; horrez gain, Linkek beso bat galduko du, baina hau botere bereziak eskainiko dizkion abilezia batengatik ordeztuko da.
Aurten argitaratzea espero genuen arren, urte hasieran 2023ra berandutzeko azaldu zen Eiji Aonuma ekoizlea. Azkenik jaso dugu argitaratze data zehatza, behintzat: hemendik aurrera trailer gehiago ikustea espero da.
Esan bezala, The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom 2023ko maiatzaren 12an estreinatuko da Nintendo Switchean.
Iruzkinak