Denetariko hobekuntzak eta bizitza kalitate aldaketak ekarriko ditu, mod-en euskarria barne. “Laster” estreinatuko dela dio Linifadomra taldeak.
The Legend of Zelda: Twilight Princess – Courage Reborn proiektuak bideo berria jaso du. Zaleek sortutako port ez-ofizialak PC (Windows, GNU/Linux zein MacOS), Android eta Switch bertsio natiboak ahalbidetuko ditu.
2025 bukaeran iragarri zuten Courage Reborn Linifadomra taldekoek, lehen begirada eskainita. Azken trailerrarekin hobekuntzetan eta berritasunetan sakondu dute, aipatutako plataformen berezko bertsioa baino askoz gehiago izatera baitator.
GameCube eta Wii kontsoletan 2006. urtean argitaratutako Zelda jokoak —2015ean HD bertsioa jaso zuen Wii U-an— espero ditzakegun ezaugarriak jasoko ditu port berriekin: mugarik gabeko bereizmen zein fotogramen tasa aukerak eta pantaila zabalentzako euskarria aipatzen dituzte egileek, hasteko.
Askoz gehiago ekarriko du. Mod euskarria nabarmentzekoa da: oraingoz, pertsonaien modelo aldaketak zein testurak aldatzeko bildumak nabarmendu dira; halere, etorkizunean zaleen sorkuntza eta ideia berrientzako ateak irekiko ditu. Bizitza kalitate hobekuntzak ere prestatu dituzte —eskalatze abiadura aldatzeko edo errupiak batzerakoan agertzen den animazioa desaktibatzeko aukera egongo da, besteak beste— eta giroskopioaren bidez apuntatzea ahalbidetuko digute.
Ezaugarri benetan interesgarriak bai jokoaren zale sutsuenentzat, bai jokalari hasiberrientzat. Gorroto dutenak egon badaude ere, Twilight Princess sagako jokorik maitatuenetakoa dela esan daiteke; are gehiago, azken urteotan komunitateetan biziberrituta azaltzea lortu du. Beraz, jokalariek port hau besoak zabalik hartzea espero da.
Zaleak pixkanaka retrokontsoletako bideojokoen portak eratzen hasia da. Nintendo 64ko hainbat ikusi ditugu azken urteotan —Super Mario 64, Mario Kart 64, Lylat Wars, Perfect Dark edo The Legend of Zelda: Ocarina of Time zein Majora’s Mask, adibidez—, baina oraintxe hasi gara gailu berriagoetakoak ikusten. GameCubearen kasuan, adibidez, Mario Party 4ren bertsio natiboa garatzen dabiltza.
Hori horrela, txalotzeko lana egiten dabiltza Linifadomra taldeko kideak TPrekin. Askok TP HDren Switch bertsioaren zain jarraitzen duten bitartean, komunitateak port are hobea kaleratuko duela dirudi.
The Legend of Zelda: Twilight Princess – Courage Rebornen kaleratze data zehaztu gabe utzi badute ere, “laster” argitaratuko dutela diote azken bideoan.
Lander Unzueta
Iruzkinak