Hasiera batean bildutako edukiak “bikoiztuko” dituzte. Sarbide goiztiarra fintzen jarraitzen dute Evil Empire-ko garatzaileek.
The Rogue Prince of Persia maiatzaren 27an estreinatu zen sarbide goiztiarrean. Ordutik hona hainbat eduki berri jaso ditu, baina orain arteko eguneraketarik handiena azaroaren 21ean iritsiko zaio: atal estetikoan zenbait aldaketa egiteaz gain, denetariko gehikuntzak iragarri ditu Evil Empire taldeak.
Nabarmenena, esan bezala, estetika aldetik egindako aldaketak dira. Azal moreko printzea galduko dugu —diotenez, itxura berezi bezala erabili ahalko da—, hasteko, baina ez hori bakarrik: kokalekuek zein modeloek xehetasun gehiago dituztela ikus dezakegu argitaratutako bideoan, eta efektuak ere edertu dituztela.
Eguneratzearekin gehituko dutenarekin, jokoak maiatzean zeukan eduki kopurua “bikoiztuko” dutela kontuan hartzekoa da. Bioma berriak zeharkatuko ditugu printzearen roguelike abenturan; horietan, izan behar den moduan, orain arte ikusi gabeko etsaiak, armak, abileziak eta buruzagiak aurkituko ditugu.
Istorioarentzako kapitulu berria biziko dugu, gainera, —bigarrena— eta gaur egun joka daitekeen lehen atala fintzeko txukunketak ere agindu dituzte Evil Empirekoek. Bukatzeko, bizitza kalitaterako denetariko hobekuntzak inplementatuko dira: adibidez, gordetako hainbat partida desberdin edukitzeko aukera aipatzen da. 2025ean are hobekuntza zein eguneraketa gehiago argitaratuko dituzte arduradunek.
Steam plataforman maiatzean estreinatu zen The Rogue Prince of Persiaren sarbide goiztiarra. Jokalarien aldetik balorazio bikainak eskuratu ditu: “oso positiboak” dira gaur egun, SteamDBren kalkuluen arabera iritzien % 81 inguru baikorrak izanik.
Evil Empire taldea rogueliketan aditua dela esan dezakegu; izan ere, aurretik Dead Cells sarituaren hainbat eduki sortu ditu. Argitaratu zenetik hainbat eduki gaineratu dituzte jokoan: armak, zailtasun aldagailuak, biomak, eta abileziak jaso ditu printzeak.
The Rogue Prince of Persiak 1989. urteko Jordan Mechner garatzailearen obra originalaren oinarriak biltzen ditu akzioz betetako roguelike erronka proposatzeko. Saialdi bakoitzean ausazko botereak eta ahalmenak lortuko ditugu, bioma eta ingurune desberdinetan aurrera egiteko lagungarriak. Plataforma desafio biziak borroka ikusgarriekin uztartzen ditu tituluak.
Esan bezala, PCan soilik joka dezakegu aurretiazko sarbidean, eta hurrengo eguneraketa otsailaren 21ean jasoko du; ez hori bakarrik, ospatzeko aldi baterako beherapenarekin erosi ahalko dugu. Jokoaren behin betiko bertsioa, baina, kontsoletara ere iristea espero da.
Iruzkinak