Hades 2ren aurretiazko sarbidearen arrakastatatik aldendu nahi izan dute Evil Empire-k eta Ubisoft-ek.
The Rogue Prince of Persia atzeratu egingo dutela iragarri zuten arduradunek orain egun batzuk, eta dagoeneko kaleratze data berria ezarri dute. Maiatzaren 27an estreinatuko da azkenik roguelike abentura berriaren sarbide goiztiarra.
Albistea trailer ikusgarriarekin eman dute. Jokagarritasunaren zertzelada berriak ikusteko aukera dakar, jauziak zein erasoak, etsai nagusiak eta gainditu beharko dugun zikloa aurkeztuta.
Aipatu modura, roguelike titulua da Persiako printzearen hurrengoa, generoak azkenaldian bereganatu dituen ohiko elementuak hartuta. Partida bakoitza zerotik hasiko dugu, bidean ahalmenak eta armak eskuratuta, baita hauek hobetuta ere.
Bideoan adibide batzuk ikus ditzakegu: erasoak saihesterakoan dagak jaurtitzea ahalbidetzen digu abilezia batek, edo arerioak hormen aurka jaurtitzerakoan hauek su hartzea.
Ausazko baliabideok Prince of Persia klasikoen mekanikekin uztartuko ditu: “erritmo biziko” 2.5D jokagarritasunarekin akrobazioak burutzen ariko gara oztopo hilgarriak saihesten ditugun bitartean. Borrokek ez dute lehen PoP haietako kutsu zehatza zein geldoa edukiko; hori bai, ikusgarritasuna areagotuko duten mugimendu kalkulatua egiten jarraituko dugu.
Proposamen interesgarri honen atzean Dead Cells maitatuaren egileak daude: Evil Empire taldea sortu zuten Motion Twin-go hainbat garatzailek.
Gaur bertan estreinatu behar zen jokoaren berandutzearen zergatia argia da: orain egun batzuk Hades 2 desiratua sarbide goiztiarrean kaleratu zuten Supergiant Games-koek. Noski, Evil Empirek eta Ubisoftek ez daukate halako munstroaren aurka egiteko gogorik, eta erabakirik aproposena hartu dute.
Early access fasea Steam plataforman abiaraziko dute maiatzaren 27an. Behin betiko jokoa, baina, plataforma gehiagotan kaleratzea aurreikusten da.
Iruzkinak