Walking Simulator erako abentura izango da Studio Circenses-ena. PlayStation Talents Games Camp-eko azken egitasmoko euskal joko bakarra da.

Mundu irekia, esplorazioa, objektuen bilketa eta gidoi sakona bilduko dituen The Silent Swan euskal abentura aurten kaleratuko dute Studio Circenseseko garatzaileek. PlayStation Talents Games Camp ekimenaren aterpean egingo dutela jakinarazi dute nafarrek.

CreaNavarra zentroko ikasleek osatutako taldeak PlayStation 5 kontsoletarako argitaratuko du modu horretara bere lehenengo lana; hala ere, PC-rako bertsioarekin hasi zuten proiektua: hau Steam plataforma bidez kaleratzeko asmoa dute. 2022 bukaerarako prest edukitzea aurreikusten dute arduradunek.

Walking Simulator estiloko jokoa izango da The Silent Swan: Firewatch, Bloodborne zein Shadow of the Colossus bezalako lanak hartu dituzte oinarritzat proiektu propioa eratzerako orduan. Mirov Kavrazyma izango da protagonista. Harresietatik haratago dagoen lurraldera bidaiatuko du bere emazte Seleneren bila; hau aurkitzeko bidea berak utzitako paperezko zisneak bilatzea izango da: horietan idatzitako mezuak jarraitu beharko ditu Kavrazymak.

Jostagarritasun minimalistarekin, mundua esploratzea izango da helburu nagusia. Pertsonai desberdinen istorioak biltzea eta lurralde ezezagunaren misterioa argitzea izango dira jokalarien zereginak. Horretarako ezinbestekoa izango da protagonistaren txirrindua erabilita: horri esker alde batetik bestera ibiliko gara; izan ere, mundu erraldoia zubien bidez lotutako guneetan banatuta egongo da. Atal estetiko eder zein misteriotsua eratzen dabiltza garatzaileak jokoa girotzeko.

“Aurretik lan asko” dutela azpimarratu du Studio Circenceseko Ekain Zarraua eibartarrak. PlayStation Talentsi esker jokoa garatzeko aholkularitza eta tresnak jasoko dituzte; aurretik hainbat proiektu euskaldun ikusi ditugu ekimen horretan: besteak beste, Itadaki Smash, Nuclear Corps, The Five Covens, Waves Out zein laster estreinatuko diren Rivalia: Dungeon Riders eta One Last Breath daude horien artean.

Aipatutako proiektu asko euskaraz argitaratu dira gainera. The Silent Swanen kasuan, “Zisne Isila-ren izenpean euskarara itzultzea baino gauza gutxi gehiago gustatuko litzaizkiokela” aipatzen du Zarrauak. Hala ere, lehenik eta behin bideojokoa ingelesez argitaratzeko helburua daukatela dio; “ondoren, aukerak etorri ahala, hizkuntza gehiagotara itzultzea guztiz interesatzen zaigun zerbait da, eta jakina, euskarara ere bai”, azpimarratzen du garatzaile euskaldunak.

The Silent Swan 2022ko azken hiruhilabetean ikusiko dugu. Arestian esan bezala, PlayStation 5 eta PC plataformetan merkaturatuko da. Estudioaren Itch.io orrialdean aurrerapena proba daiteke dagoeneko.