Woody Cloud taldea Android gailuetarako titulua garatzen ari da: Tomateak, marrubiak edo perretxikoak izango dira protagonistak.
The Ultimate Tomato Run! aurkeztu du Woody Cloud garatzaile bilbotarrak: barazkiak eta fruitak kontrolatuta arriskuz betetako sukalde amaigabeak gainditzera eramango gaituen lasterkari koloretsua da.
Bideojokoa “laster” Android gailuetan estreinatuko duela dio sortzaileak; hala ere, obraren sare sozialetan oraindik garapen fasean dagoela ikus dezakegu.
Irudiak eta bideoak ikusita, agerikoa da Frogger bezalako klasikoen jokagarritasuna hartzen duen lana izango dela. Tomateak, marrubiak, meloiak edo laranjak kontrolatuta, sukaldeko estalki gainetik dabiltzan aiztoak, arrabolak, espezia ontziak eta gehiago saihesten ibili beharko gara haziak biltzen ditugun bitartean.
Unity eta Blender bezalako tresnak aipatzen ditu Woody Cloudek: hauetaz baliatzen dabil jokoari forma emateko. Ez hori bakarrik, sare sozialetan modeloak sortzeko eta diseinatzeko eman dituen pausoak partekatzen ditu.
Nahiz eta bukatu gabeko lana izan, itxura aparta erakusten digute bideoek. Oraindik, baina, itxaron egin beharko dugu: The Ultimate Tomato Run!-ek ez dauka argitaratze datarik.
Iruzkinak