Izaki erraldoiaren gainean kokatutako hiri ibiltaria eraikitzera eta kudeatzera eramango gaitu.
The Wandering Village hirien kudeatzaileak aurretiazko sarbidea utzi eta 1.0 bertsioa argitaratuko du. Uztailaren 17an Nintendo, PlayStation zein Xbox kontsoletan eta PCan estreinatuko du Stray Fawn Studio taldeak.
2022ko irailean hasi zuen early access ibilbidea, eta ordutik hona iritzi oso positiboak bildu ditu estrategia abenturak. Hiriak eraikitzea eta hauek kudeatzea proposatzen digu: landare bitxi batzuen ondorioz gizadia ia desagertu ondoren, gure herrixkako buruzagian bilakatuko gara.
Eraikinak antolatu, baratzeak prestatu eta gure bizilagunak pozik mantentzea izango da helburua, landareen arriskuei aurre egiten diegun bitartean. Berezitasun txiki batekin, hori bai: gure hiria ibiltaria da, Onbu izeneko izaki erraldoiaren gainean kokatuta baitago.
Jainko edo animalia hau ez da geldirik egongo, mundutik zehar aurrera eta atzera ibiliko baita. Hori dela-eta, klima zeharo alda daiteke gure herriarentzat, besteak beste, sekulako ondorioak eraginda han-hemenka gabiltzala.
1.0 bertsiorako prestatzeko berritasunak inplementatu dituzte aurretiazko sarbidearen jokalarientzat. Kanpaina modalitatea argitaratu zuten, hasteko, orain egun batzuk, baina aurretik bioma berriak edo hirien kudeaketarako edukiak jaso dituzte.
The Wandering Village kontsola guztietan eta ordenagailuetan argitaratuko da uztailaren 17an.
Iruzkinak