Jatorrizko tituluari era guztietako hobekuntza teknikoak gaineratuko dizkio; PC-ko jokalariek ere jasoko dute bertsio eraberritua.

The Witcher 3: Wild Hunt sarituaren belaunaldi berriko bertsioak azkenik baieztatu du kaleratze data: Abenduaren 14an estreinatuko da PlayStation 5ean zein Xbox Series gailuetan, CD Projekt Red estudio poloniarrak baieztatu duenez.

Bertsio berria Complete Edition azpitituluarekin merkaturatuko dute. Aipatutako kontsolez gain, PCrako adabakia ere kaleratuko dute garatzaileek.

Ekarriko dituen berritasunak, nola ez, atal teknikoari begirakoak izango dira. Arduradunek zaharberritzea agerian jartzeko zuzeneko berezia agindu dute datorren asterako beren Twitch kanalean; hala ere, “hainbat berritasun” azpimarratu dituzte, “izpien trazadura, karga denbora azkarragoak zein The Witcherren Netflix-eko telesailean oinarritutako zenbait eduki” barne.

Saber Interactive estudioa izango da birmasterizazio honen arduraduna: aipatutakoez gain, bereizmenean zein irudien tasan hobekuntzak ikustea espero da.

Berrikuntza hauek guztiz doakoak izango dira jatorrizko bideojokoaren erabiltzaileentzat; PlayStation 4, Xbox One eta PC plataformetako jokalariek hurrengo belaunaldira jauzi egiteko aukera edukiko dute. Ez hori bakarrik: atal teknikoari lotutako berritasunak kenduta, eduki berriak ere jasoko dituzte aurreko kontsoletan jokatzen jarraitzen dutenek.

The Witcher 3 Complete Editionek hainbat geroratze jasan dituen arren, dagoeneko prest daukatela dirudi. Erribiako Geralt aztiaren abenturen multzo berriari hasiera emango diote birmasterizazioarekin: orain aste batzuk The Witcher unibertsoan girotutako bideojoko mordoa iragarri zuen CD Projektek. Horien artean da lehen The Witcher jokoaren berregitea.