Abenduaren 14an estreinatuko da PS5 eta Xbox Series kontsoletan; PC-ko jokalariek hobetutako bertsioa jasoko dute.

The Witcher 3: Wild Hunt – Complete Edition birmasterizazioak ekarriko dituen berritasunak nahiz hobekuntzak aurkeztu ditu CD Projekt Redek trailer baten bidez. Aldaketak ezagutzera emateaz gain, hauek ikusteko jokagarritasun bideoa ere argitaratu du estudio poloniarrak.

Bideoa ikusita, Wild Hunten bertsio originalarekin dauden aldaketak horren nabarmenak ez direla pentsatuko duzu. Hala eta guztiz ere, bi bertsioak alderatuta hobekuntzak azpimarratzekoak dira.

Hobekuntza grafiko nagusia izpien trazaduraren eskutik iritsiko da: ray tracing-a ahalbidetuko dute Complete Edition honetan. PlayStation 5 eta Xbox Series X kontsoletan ikusiko dugu, baita PCan ere. Kontsolen kasuan, Performance eta Quality moduen araberakoa izango da izpien trazaduraren erabilera: lehenengoan 60 fps-tara jokatuko dugu, baina ray tracing gabe. Qualityrekin, berriz, segundoko 30 irudien tasara mugatuko da jokagarritasuna, baina grafiko hobeekin.

Horrez gain, han-hemenka txukunketak nabariko ditugu: ura, adibidez, zeharo hobetu dute poloniarrek, baina baita testura batzuk, modeloak eta bestelakoak ere. Novigradoko harrizko hormak hiru dimentsiotan eratuta egongo dira orain, besteak beste.

Arduradunek teknologia modernoen erabilera azpimarratu dute, gainera: gaur egun horrenbeste ikusten gabiltzan Nvidia DLSS, AMD FSR, DSR eta halako siglak ikusiko ditugu orain aukera grafikoen menuan. Aurrekoan aipatu modura, murriztutako karga denborak lortu dituzte; ahaztu beraz leku batetik bestera bidaia azkarra erabiltzerakoan itxaroten egoteaz.

 

Atal grafikoa baino gehiago

Jokagarritasuna atondu dute garatzaileek. Kamera mota berriaz gozatuko dugu, jatorrizko bertsioarekin zeuden kexei erantzunez; horrez gain, Geralt bizkorrako ibiliko da leku itxietan edo ikerketak egiterakoan. Ikurrak eta magiak aukeratzerakoan, hauek aginteko zein teklatuko lasterbideei atxiki ahalko zaizkie —hautazkoa izango da, jatorrizko gurpila erabiltzeko aukerarekin—.

Bukatzeko, argazkiak egiteko modua, hodeian gordetako partidak —plataforma arteko jarraipenarekin—, azpitituluen tamaina aldatzeko bideak, zinematiketan partida etetea, eta beste hainbat berrikuntza aditzera eman dituzte poloniarrek.

Horretaz guztiaz gain, Netflix-eko The Witcher telesailean oinarritutako misio berria ikusiko dugu Complete Editionean: hau gaindituta Henry Cavill aktoreak erabilitako ezpata eta armadura bereziak eskuratuko ditugu.

Erribiako Geralt aztiaren zaleak aspalditik dabiltza edizio berriaren zain: Aipatutako hobekuntza guztiak abenduaren 14an helduko dira, Complete Editionarekin batera. Bertsio hau doakoa izango da The Witcher 3 originalaren jokalarientzat: esan bezala, PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetara iritsiko da.

Dena den, PlayStation 4-ko eta Xbox One-ko jokalariek zerrendatu ditugun zenbait aldaketez gozatzeko aukera izango dute: atal grafikoari dagozkien hobekuntzak kenduta, gainerakoak aurreko belaunaldiko kontsoletan inplementatuko dituztela agindu dute arduradunek.