Steam Workshop erremintarekin erabil daiteke. Urte bukaeran behin betiko bertsioa kaleratuko da.

The Witcher 3: Wild Hunt apartak bederatzigarren urteurrena ospatuko du datorren hilabetean, baina CD Projektekoek ez dute euren obra arrakastatsuarena ahazteko asmorik. REDkit mod tresna ofiziala iragarri du talde poloniarrak; ez hori bakarrik, beta bertsioan kaleratu du Steam plataforman.

“The Witcher 3 REDkit PCrako The Witcher 3: Wild Hunt pertsonalizatzeko eta jokoa nahi bezala hedatzeko balio dizun modding tresna boteretsua da”, diote deskribapenean. “Lursailak eraldatzea zein misio berriak, animazioak, pertsonaiak eta gehiago” sortzea ahalbidetzen duela azaltzen dute egileek.

Erreminta guztiz doakoa da; hala ere, erabiltzen hasteko izena ematea beharrezkoa dugu. Sarbidea pixkanaka eskaintzen hasiko dira arduradunak, eta, diotenez, The Witcher 3: Wild Hunt edukitzea ezinbestekoa izango da, jokoaren baliabideak hartuko baititu.

Beta bertsioa izanik, akatsak nonahi ager daitezkeela azpimarratzen du CD Projektek. Dena den, akatsen berri emateko webgunea prestatu dute, eta laguntzarako hainbat gune ezarri: Steamen, poloniarren foroetan nahiz Discord-en idatz dezakegu.

Steam Workshop tresnarekin batera erabiltzeko aukera gehitu dute, gainera. Ezagutzen ez duzuenontzat, Valve-ko plataformaren mod erreminta da: REDkitekin sortutako modak era errazean partekatzea nahzi instalatzea ahalbidetuko du. Dena den, sortutako modak GOG eta Epic Games Store plataformetako jokoan ere erabili ahalko dira.

Oraingoz, baina, talde berezi batean sartu beharko gara, erabili nahi izanez gero. Hau eginda, The Witcher 3ren Steameko aukeretara joan, eta “workshop_test” izeneko beta aktibatu beharko dugu.

Poloniarrek modentzako euskarria mantentzen jarraitzen dute horrela, jokoa kaleratu eta hainbat urtetara bada ere. The Witcher 2: Assassins of Kings-ek ere jaso zuen REDkit bere garaian, adibidez.

Tresna berriaren beta bertsioarekin hasi badira ere, 1.0 bertsioa aurten argitaratzeko asmoa aipatu dute egileek.

 

The Witcher berriak, garapenean

The Wild Huntentzat berritasunak prestatzen dabiltza oraindik, baina horrek ez du esan nahi The Witcher berririk gabe geratuko garenik.

Erribiako Geralt aztiaren unibertsoan girotutako hainbat proiektu dituzte esku artean poloniarrek. Lehenik eta behin, Fool’s Theory estudioa Witcher originalaren berregitean lan egiten ari da gaur egun. Bigarrenik, The Witcher 4 sortzen dabil CD Projekten talde nagusia; trilogia berriaren lehen atala izango da. Bukatzeko, The Molasses Flood taldeak multijokalari ezaugarriak bilduko dituen Project Sirius eratzeko ardura dauka.