Steam, GOG eta Epic Games Store plataformetan aurkituko dugu, dohainik. Komunitatearen elkarlanarekin erreminta indartzea bilatzen du CD Projekt Red-ek.
The Witcher 3: Wild Hunt bikainak bederatzi urte bete ditu. Hori ospatzeko, CD Projekt Red estudioak REDkit tresna ofizialki kaleratu du: Geralt aztiaren abenturak eraldatzeko eta mod-ak sortzeko balio digun programa.
Apirilean beta bertsioan estreinatu zen, ehundaka erabiltzaile erakarrita. Garatzaile poloniarrek jokoa sortzerakoan edukitako tresna berberak komunitatearen esku jartzea da helburua.
Titulu originalean gainditutako misioak eraldatzea, gureak zerotik sortzea, animazioak gehitzea, armak, armadurak edo objektuak inplementatzea edo bideoak nahi bezala atontzea, dira, beste hainbat aukeren artean, REDkitekin egin dezakeguna. “Ia edozer editatzeko askatasuna daukazu”, diote egileek.
Steam eta Epic Games Store saltokien bidez jaitsi dezakegu tresna, baita CD Projektena den GOG saltokitik ere, noski. REDkita horren konplexua izanik, eskaintzen dituen aukera guztiak erabiltzen irakasteko tutorial bideoak prestatzen hasi dira:
Komunitatearen laguntza bilatzen dutela ere diote egileek. Elkarlanean tresnaren erabilera guztiak aprobetxatzea dute helburu, egin daitekeenaren mugara iristeko. Horren harira, Steam Workshop tresnarekin bateragarria da: bertan argitara daitezke sortutako modak.
REDkit erreminta doakoa bada ere, The Witcher 3: Wild Hunt eduki beharko dugu erabiltzeko.
Iruzkinak