Unreal Engine 5 motor grafikoa erabilita garatuko dute, Epic Games-ekin elkarlana hasita.
CD Projekt estudioak hurrengo proiektua iragarri du. Ezusteko handirik gabe, The Witcher frankiziako bideojoko berria izango dela baieztatu dute poloniarrek.
Albistea Erribiako Geralten jokoen webgunetik eman dute. Xehetasun handirik eman gabe, gauza bakarra zehaztu dute tituluaren girotzearen inguruan: “saga berri baten hasiera izango da frankiziarentzat”.
Horrez gain, REDEngine motor grafikoa alboratuko dutela adierazi dute. The Witcher II eta The Witcher III zein Cyberpunk 2077 garatzeko erabilitako tresna utzi, eta hurrengo egungo proiektua Unreal Engine 5 ezagunarekin eratuko dutela diote poloniarrek.
Modu horretara, Epic Gamesekin elkarlana abian jarri dute: “hainbat urtetako akordio estrategikoa izango da Epic Gamesekin. Motor grafikoaren lizentza ez ezik, “garapen teknologikoa aseguratu” egingo duela nabarmendu da CD Projektekoen aldetik. Zehazki, Unreal Enginekin lor daitezkeen mundu irekiko esperientziak fintzeko asmoa agertu dute.
The Witcher 4 garatzeko beharko duten denbora, plataformak edo argitalpen data eman nahi izan gabe geratu dira. Ez da harritzekoa: Cyberpunk 2077rekin antzekoa egin zuten hasiera batean, baina behin argitaratze data baieztatuta ere, hau berandutzeko erabakia hartu behar izan zuten, hainbat polemika eraginda horrez gain.
Tim Sweneey Epic Gameseko arduradun nagusia pozik agertu da akordioagatik: “CD Projekt REDekin lan egin ahal izateagatik harro gaude narrazio interaktiboa eta jostagarritasuna sustazeko helburarekin. Horrez gain, “Epicek Unreal Engine 5 kalitate handiko mundu ireki dinamikoak sortzeko” diseinatu duela azpimarratzen du garatzaileak.
Iruzkinak