Markel Cuena garatzailea arduratu da itzulpenaz, Game Erauntsia Elkartearen laguntzarekin.

The Zibbo Show estreinatu du Tessera Games estudioak ordenagailuetan zein PlayStation Switch eta Xbox kontsoletan. Ofizialki euskaraz dator, gainera, proposatzen digun joko arriskutsuari gure hizkuntzan aurre egitea ahalbidetuta.

Estudio madrildarrean lan egiten duen Markel Cuena garatzaile euskalduna arduratu da titulua gurera lokalizatzeaz; bidean, Game Erauntsia Elkartearen babesa jaso du testuak txukuntzeko eta itzulpena fintzeko. Euskaratzea jokoan inplementatuta dagoenez, ez dugu ezer berezirik instalatu beharko: hizkuntzen menuan gurea hautatzearekin, nahikoa.

Dice A Million edo Balatro ezagunak ardatz hartuta, dadoak protagonista dituen telebista saio misteriotsu bezain arrikustsuan barneratuko gara. Gure bizitza salbatzea helburu izanik, Zibbo zein bestelako aurkari gaiztoen aurka jokatu beharko dugu dado partidetan: 3x3ko taulan dadoak kokatuta igaroko dira partidak.

Roguelike oinarriak elkartzen dituzte apustuekin, indartzaileekin eta 48 hobekuntza kartekin, partida artean dendan gure aukerak sendotzen ibiliko gara, dadoekin puntuazioak biderkatzeko bide bila. Zorioneko bira izango da gure lagunik onena: partida galtzerakoan bizirik jarraitzeko bide bakarra, alegia.

Galtzeak ez du amaiera suposatzen, ordea: partida bakoitzean indartzaile zein karta berriak desblokeatuko ditugu, bukaerara iristeko laguntza jasota. Balatron ibilitakoek antzekotasun handiak ikusiko dituzte, baina aurkezpen landua eta beldur girotzea dira Zibboren zutabeak.

Euskaraz iritsi den The Zibbo Show PC, PlayStation Switch eta Xbox gailuetan joka daiteke. Android eta iOS bertsioak ere aipatzen dituzte egileek, baina oraindik kaleratu gabe daude.