PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da Eclipse Glow Games taldearen akziozko abentura.
Eclipse Glow Games estudio txinatarrak Tides of Annihilation erakutsi du bigarrenez. Trailer berriarekin, etsai nagusien aurkako borroka ikusgarrietan barneratzea erabaki dute.
Hack and slash abenturan Gwendolyn gidatuko dugu, baina ez da bakarrik egongo: Arturo erregearen zaldunen espirituak inbokatzeko ahalmenarekin ezpatez eta magiaz betetako dueluetan parte hartuko du protagonistak.
Lamorak zalduna ageri da, hain zuzen ere, Tyronoe sorginaren kontrako borrokan. Dueluan tolestutako erresuma deitzen dutena ikus dezakegu: etsai nagusiak beste dimentsio batera bidaiatuko du ihes egiteko, baina gure laguntzaileari esker erasoko diogu. Egileek diotenez, Gwendolyn zein Lamorak aldi berean kontrolatuko ditugu, bakoitzaren ahalmenak zein abileziak erabilita Tyronoen babesak suntsitzeko.
Tolestutako erresuma Tides of Annihilation mekanika nagusietako bat izango dela azaldu dute garatzaileek, laster xehetasun gehiago emango dituztela adierazita; gauza bera egingo dute, baita, protagonistak deitu ahalko dituen Mahai Biribileko zaldunekin.
Erakusteko asko geratzen da oraindik, eta garapena ere luzerako doala dirudi: Tides of Annihilationek ez dauka argitaratze datarik. Plataformak bai, ordea: PCan zein PS5 eta Xbox Series kontsoletan merkaturatuko du Eclipse Glow Gamesek.
Lander Unzueta
Iruzkinak