Microidsen eskutik, PCan eta kontsoletan argitaratuko da Hergeren pertsonaietan oinarritutako jokoa.
Microids garatzaile frantziarrak Herge kazetari eta komikigile belgiarrak sortutako Tintinen abenturen bideojokoa Moulinsart elkartearekin elkarlanean prestatzen ari dela iragarri du.
Microidseko arduradun Stephane Longeardek adierazi duenez abiarazitako elkarlanarekin "oso pozik" daude; proiektua prestatzen "denbora luzez lanean" aritu direla nabarmendu du, eta garatzaile taldearentzat "errealitate bihurtutako ameta dela".
Garatzen ari diren bideojokoa PCan eta kontsoletan argitaratuko dutela zehaztu du Longeardek, plataforma zehatzik eta argitaratze datarik aipatu gabe.
Bideojokoa Tintin eta Milu protagonista izango diren "akziozko abentura" izango dela azaldu du. Nola ez, kazetaria eta bere txakur leiala komikietako hainbat pertsonairekin batuko dira abentura berri horretan: Haddock kapitaina, Tournesol irakaslea edo Dupond eta Dupont detektibeak agertuko dira bertan.
Garatzaile frantziarra Syberia bezalako abentura grafikoengatik ezaguna izanda, Tintinekin antzeko bideojoko bat sortuko dutela pentsa daiteke. Microidsek argitaratzaile lanak ere egin ditu: joan den urtean Pendulo Studiosek Blacksad komikian oinarritutako bideojokoa ekoiztu zuen.
Iruzkinak