Advance Wars sagaren pausoak jarraituko ditu berriz Area 35 estudio japoniarrak. 2026an estreinatuko da.
Tiny Metal 2 aurkeztu du Area 35 taldeak. Estrategia taktikoa ardatz duen joko koloretsuaren jarraipenak lehen tituluaren edukiak hobetzeko eta hedatzeko asmoa dauka.
Aurrekoa ezagutzen ez dutenek, baina Nintendo-ren Advance Wars sagan ibilitakoak direnek, azkar batean ikusiko dituzte antzekotasunak: generoa, jokagarritasuna zein estetika orokorra hartzen ditu Tiny Metalek.
Horrela, anime estetikadun armadak txandakako estrategia dueluetan gidatuko ditugu. Lur, ur zein aire unitateak sortuko eta hauek lauki sarez osatutako gudu zelaietan kokatuko ditugu: unitate bakoitzak bere ahulguneak eta indarguneak izanik, modu egokian erasorako zein defentsarako erabiltzea ezinbestekoa dute jokalariek. Bidean, mapatik sakabanatutako eraikinak eta baliabideak harrapatu beharko ditugu.
Hamabost komandanteren artean hautatu ahalko da, gainera: unitate zehatzak indartzeko ahalmena daukate, abilezia bereziak erabiltzeaz gain. Kanpainarako zein gatazka arinetarako 100 mapa agintzen dituzte egileek.
Multijokalari ezaugarriek pisu handia hartuko dute Tiny Metal 2n, gainera: diotenez, kanpaina osoa lagun batekin gainditu ahalko dugu, baliabideak partekatuz bakoitzak bere armada eratzeko. Are gehiago, online gatazkak ere prestatu dituzte, jokalariak elkarren aurka jartzeko: zortzi aritu ahalko dira aldi berean maparik handienetan.
Tiny Metal originalak ez zuen harrera esanguratsua izan; ez zen gauza bera gertatu bigarren benetako jokoarekin, Tiny Metal: Full Metal Rumble-k balorazio onak eskuratu baitizituen. Hala eta guztiz ere, hurrengo atalaren aurkezpena nabarmenki hobetu dute arduradunek. Arlo horretan, Safehouse animazio estudioak sortutako zinematikak izango ditu.
Argitaratze data zehatzik gabe, Tiny Metal 2 datorren urtean argitaratzeko asmoa dauka Area 35ek. PCko bertsioa iragarri dute oraingoz, baina plataforma gehiagotara eramatea aurreikusten dute garatzaileek.
Iruzkinak