Borderlands-en mekanikak fantasiazko girotzera eramango ditu Gearbox estudioaren hurrengo lanak martxoaren 25ean.
Tiny Tina’s Wonderlands estreinatzeko oso gutxi falta bada ere, orain arte jostagarritasuna agerian jartzen duten irudiak oso urriak dira. Hori jakinda, Gearboxekoek oinarrizko mekanikak ezagutzera emateko bideo luzea prestatu dute: 23 minutukoa, hain zuzen ere.
Bertan ikus daitekeenez, Borderlands saga horren arrakastatsua izateko ezaugarri guztiekin jarraitzen dute abentura berrian; izan ere, tiroak, umorea eta biltzeko armategi zoro zein zabala eskainiko ditu jokoak.
Oraingoan, baina, girotzea aldatzeari ekingo diote Gearboxekoek: Borderlands 2-ko Tiny Tina’s Assault on Dragon’s Keep eduki gehigarrian ikusitakoarekin jarraitzeko dute, fantasiazko mundua nahiz ziegak eta herensugeak mahaiko jokoa gogora ekartzen dituen testuinguruarekin.
Eskeletoak, dragoiak eta bestelako fantasiazko izakiak akatzeari ekin beharko diote jokalariek oraingoan. Guzti hori arma hilgarri zein bereziekin egingo dute, baina baita magia erabilita ere. Areroien kopuru izugarriaren aurka egiterakoan gaztelu erraldoiak, herrixkak eta bestelakoak zeharkatu beharko dira.
Nola ez, uneoro Tina pertsonaia egongo da narratzaile lanak egiten. Ez da isilduko, baina umore kutsua emango dio Wonderlandsi: hitz egiten doala istorioa aldatuz joango da, kontakizuna neskak nahi duen modura eraldatuz. Gidoi zoroa edukiko duela baieztatuta dago beraz.
Martxoaren 25ean estreinatuko da Tiny Tina’s Wonderlands: PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetara iritsiko da.
Iruzkinak