Grimoire Games arduratuko da rol joko maitatuaren jarraipenaz: PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko dute.
Titan Quest ARPGaren bigarren atala iragarri du THQ Nordicek. Titan Quest IIrekin greziar mitologian murgilduko gara beste behin pizti mitologiak suntsitzeko jainkoen babesa bilatzen dugun bitartean.
Iragarpena trailer zinematikoarekin egin dute. Esparta ageri da; itxura batean, heroia bertakoa izango da oraingoan. Nola ez, tragedia nagusitzen da bideoa hasi bezain laster: hiria munstroen eta armaden erasopean dago, eta jainkoek ez dute gupidarik erakusten.
Oraingoan Nemesis zigorraren jainkosaren aurka ariko garela dirudi. Patua usteltzen hasita, bere aginduen kontra egiten duen edonor hiltzen du izaki beldurgarriak.
Bideoarekin batera jokoko hainbat irudi ikus ditzakegu Steam plataformako orrialdean. Ikuspegi isometrikoan biziko ditugu berriz gure abenturak: Diablo bezalako frankizien antzeko jokagarritasuna proposatuko ditu Titan Quest IIk.
Esplorazioa eta borrokak izango dira nagusi. Mundu zabala zeharkatzerakoan bertikaltasunak harrituta utziko gaituela nabarmendu dute: Greziako hiriak, hondartzak, basoak eta mendiak bisitatuko ditugu oinez zein gure zelaberean igota.
Gure heroia pertsonalizatu eta bere abileziak landuko ditugu abenturan zehar. Jokatzeko era propioa bilatzeko tresna ugari eskainiko dizkigutela azpimarratzen dute Grimoire Gameseko garatzaileek: pertsonai mota zehatzak sor ditzakegu, baita mailak uztartzen dituzten estilo hibridoak eratu ere.
Greziar mitologiako izakien zein piztien aurka egingo dugu denbora errealeko borroketan: saihesteak eta kontraerasoak ardatzak izango direla dirudi. Nola ez, ekipamendu desberdina lortzen eta mugimendu bereziak desblokeatzen ariko gara. Norgehiagoketan akatutako arerioen gorpuetan bilatuta ordainsari interesgarriak eskuratuko ditugu.
Bukatzeko, online multijokalari kooperatiboa proposatuko digute garatzaileek. Horrela, lagun batekin elkarlanean ari gaitezke jokoak aurkeztutako erronkei aurre egiten.
Argitaratze data zehaztu gabe utzi duten arren, Titan Quest II jokatzeko plataformak baieztatu dituzte THQtik: ordenagailuetan estreinatuko da, nola ez, baina baita PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ere.
Iruzkinak