Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzaren baitan jokatu ahalko da soilik. Etorkizunean Nintendo 64 kontsolako are obra gehiago gaineratuko dituzte zerbitzura.
Nintendo 64ko hurrengo jokoak badu jadanik Switcherako argitaratze data. N Handiekoek dagoeneko iragarri zuten The Legend of Zelda: Majora’s Mask izango zela 64 bits-eko kontsolatik etorriko zen hurrengo lana; azkenik, otsailaren 25ean estreinatuko da hibridoan.
Termina lurraldea salbatzeari ekin beharko dio Link-ek abentura honetan. Ez da eginkizun erraza izango, baina: hiru egun baino ez ditu izango ilargia lurrera erori eta mundua suntsitu aurretik. Hori saihesteko baliabideak edukiko ditu, hori bai: aurreko abenturan eskuratutako denboraren okarina miragarriarekin denboran atzera egin eta hiru egunetatik lehenengora itzultzeko aukera izango du. Hala ere, betetako hainbat misio eta erronka deuseztatuko ditu hori egiten duen bakoitzean —ez denak, noski!—.
Nostalgiaz betetako trailerra prestatu dute Nintendokoek 2000. urtean estreinatutako klasiko honen itzulera iragartzeko. Sagako jokorik maitatuenetakoan bilakatu da Majora’s Mask denborarekin, hasiera batean honen inguruko iritziak nahiko kontrajarriak izan ziren arren. Hori horrela, ez da esan behar sekulako maisulanaren aurrean gaudela.
Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza zerbitzuaren bidez soilik ahalko da jokatu obra honetara kontsola hibridoan; hau da, ezingo da jokoa propio erosi, ez fisikoan, ez digitalki. Gauza bera gertatzen da Switchera iritsi diren gainerako Nintendo 64ko bideo-jokoekin: Super Mario 64, Ocarina of Time, Banjo-Kazooie eta beste hainbat harpidetzara lotuta daude.
Etorkizunean are obra klasiko gehiago helduko dira zerbitzura: F-Zero X, Pokémon Snap, Kirby 64: The Crystal Shards eta Mario Golf baieztatuta daude.
Otsailaren 25ean argitaratuko da The Legend of Zelda: Majora’s Mask Nintendo Switchean.
Iruzkinak