Konami-k Ninja Dortoka Gazteak hartuta prestatutako hamahiru bideojoko klasikoen bilduma PC-ra zein kontsoletara iritsiko da.

The Teenage Mutant Ninja Turtles: Cowabunga Collection argitaratze data ezagutzera eman dute Konamikoek IGN agerkariaren bidez: Abuztuaren 30ean kaleratuko dute bideojoko klasikoen bilduma.

Zehazki, Ninja Dortoka Gazteen hamahiru titulu eskainiko dituzte bildumarekin. Hauek hainbat berritasunekin eta hobekuntzekin iritsiko dira: esate baterako, emulatzaileen artean horren ohikoa egiten ari den birbonatzeko aukera edukiko dute jokalariek, baita edozein unetan partida gordetzekoa ere. Bukatzeko, botoiak nahi bezala konfigura daitezke.

Are garrantzitsuagoa da, ziurrenik, sare bidez lagunekin jokatzeko multijokalaria. Ez dute joko guztiek jasoko: lehen jokoaren arkade bertsioak, Turtles in Time, Tournament Fighters eta The Hyperstone Heist tituluetara aritu ahalko gara online partidetan. Beste hainbatek tokiko multijokalarian ibiltzeko aukera eskainiko dute.

Horrez gain, bildumazaleentzat aproposak izango diren multimedia edukiekin ere beteko dute jokoa: “Ninja Dortoka Gazteen eduki historikoak” agintzen dituzte arduradunek, baita “garapen prozesuan erabilitako zirriborroak eta marrazkiak” ere.

Hau guztia aipatuta, garrantzitsuena falta da: bideojokoen zerrenda zehaztea. Hauek izango dira The Teenage Mutant Ninja Turtles: Cowabunga Collectionek ekarriko dituen tituluak.

• Teenage Mutant Ninja Turtles (Arkade)
• Teenage Mutant Ninja Turtles: Turtles in Time (Arkade)
• Teenage Mutant Ninja Turtles (NES)
• Teenage Mutant Ninja Turtles II: The Arcade Game (NES)
• Teenage Mutant Ninja Turtles III: The Manhattan Project (NES)
• Teenage Mutant Ninja Turtles: Tournament Fighters (NES)
• Teenage Mutant Ninja Turtles IV: Turtles in Time (SNES)
• Teenage Mutant Ninja Turtles: Tournament Fighters (SNES)
• Teenage Mutant Ninja Turtles: The Hyperstone Heist (Sega Mega Drive)
• Teenage Mutant Ninja Turtles: Tournament Fighters (Sega Mega Drive)
• Teenage Mutant Ninja Turtles: Fall of The Foot Clan (Game Boy)
• Teenage Mutant Ninja Turtles II: Back From The Sewers (Game Boy)
• Teenage Mutant Ninja Turtles III: Radical Rescue (Game Boy)

Ninja Dortokak indar betean itzuli dira beraz bideojokoen mundura; are gehiago, orain gutxi aipatutako titulu batzuen jarraipena den Shredder's Revenge beat 'em up bikaina jaso genuen. Hau esan genuen Tribute Games-en jokoari buruz Game Erauntsian argitaratutako analisian:

Teenage Mutant Ninja Turtles: Shredder’s Revenge ez da maisulana, ez bizitza aldatuko digun jokoa. Baina agindutakoa modu apartean bete du, eta horregatik ongietorri beroa emateko bezalako lana da Tribute Gamesena.

Bilduma ia bideojoko plataforma nagusi guztietara helduko da abuztuaren 30ean: PCan eta PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One nahiz Switch kontsoletan jokatu ahalko gara dortoken lan klasiko hauetara.