Capcom, Sega eta Atlus, Koei Tecmo, Square Enix nahiz Level-5 estudioek parte hartuko dute, besteak beste, irailaren 21ean abiatuko den ekimenean.
Gutxi geratzen da 2023ko Tokyo Game Show azokak bere ateak irekitzeko. Hori horrela, ekimen japoniarraren antolaketatik jarraitu ahalko diren aurkezpenak ezagutzera eman dituzte; hamazazpi zuzeneko aurkezpen ofizialean barnean egongo dira, eta, horrez gain, beste zazpi emanaldi eskainiko dira TGSko egunetan.
Garatzaile japoniarrak izango dira aurkezpenotako izarrak, itxarotekoa zen modura: Capcom, Square Enix, Sega eta Atlus zein Koei Tecmo taldeak egongo dira ekitaldian euren etorkizuneko bideojokoak erakusten.
TGSa irailaren 21etik 24 bitartean egingo da Chiba herriko —ez da Tokion egiten, ez— Makuhari Messe aretoan. Hauek dira egunotan jarraitu ahalko diren aurkezpen ofizialak (behean Euskal Herriko ordutegiekin):
Irailak 21
- 03:00 – Sarrera ekitaldia
- 04:00 – Aurkezpen nagusia
- 05:00 – Gamera Games
- 06:00 – Amazing Seasun
- 09:00 – Japan Game Awards: Games of the Year Division
- 11:00 – Microsoft Corporation Japan
- 12:00 – 505 Games
- 13:00 – SEGA / ATLUS
- 14:00 – LEVEL-5
- 15:00 – Koei Tecmo Games
- 16:00 – Capcom
Irailak 22
- 09:00 – Sense of Wonder Night 2023
- 11:00 – Koei Tecmo Games
- 12:00 – HoYoverse ( miHoYo)
- 14:00 – Square Enix
- 16:00 – ProjectMoon
Irailak 23
- 03:00 – Japan Game Awards: Amateur Division
- 06:00 – D3 Publisher
- 10:00 – GungHo Online Entertainment
- 12:00 – Reverse: 1999
- 14:00 – Oasys / double jump.Tokyo
Irailak 24
- 03:00 – Japan Game Awards: U18 Division
- 06:00 – Japan Game Awards: Future Division
- 08:00 – Japan Esports Union
- 11:00 – Bukaera saioa
Arreta erakartzen duten hainbat saio jarraitu ahalko dira, ikustekoa denez. Garatzaile handienak alboratuta, nabarmentzekoa da, adibidez, Sense of Wonder Night 2023 emanaldia: nazioarteko indie garatzaileak ardatz dituen aurkezpena izango da.
Aurkezpen ofizialetatik kanpo egongo da, esaterako, Konami. Laster Metal Gear Solid frankiziaren berregiteak eta bermasterizazioak kaleratuko dituen arren, ez du Snake eta Big Boss espioien ezer erakutsiko japoniako azokan. Auskalo zergatik.
Estudio handiak aipatuta, Nintendo-ren zein PlayStation-en hutsuneak esanguratsuak dira. Hauek akordioen eta elkarrizketen gunean parte hartzen ariko dira, baina ez dute ez aurkezpenik, ez stand-ik eskainiko azokaren baitan. Horien ordez Xbox ikusiko dugu.
Guztira 770 erakusketari egongo dira Chiban: 371 japoniarrak dira, eta gainerako 399ak, nazioartekoak. Makuhari Messe barruan 2.684 erakusmahai prestatuko direla aurreratu dute antolatzaileek. Modu horretara, orain arte egindako TGSrik handiena izango dela azpimarratzen dute.
Aipatu modura, Tokyo Game Show 2023 irailaren 21etik 24ra egingo da.
Iruzkinak