Irailaren 25etik 28ra bitartean irekiko ditu ateak Makuhari Messe guneko ekimenak. 4.159 stand baino gehiago batuko ditu.
Egun gutxi batzuk geratzen dira Tokyo Game Show 2025 azokak bere ateak irekitzeko. Azken prestaketak bideratzen dabiltzala, bideojokoen enpresa handiak aurkezpenen ordutegiak zehazten hasiak dira: Xbox, Capcom, Annapurna Interactive, LEVEL-5 edo PC Gaming Show bezalakoek berezko ekimenak eskainiko dituzte azoka japoniarraren aterpean.
Irailaren 25ean ekingo diote azokari, eta 28ra arte iraungo du. Arduradunek azaldu dutenez, aurkezpenak YouTube edo Twitch bezalako plataformetatik jarraitzeko aukera egongo da. Emanaldi handiak zerrendatuko ditugu, baina bestelako zuzenekoak ere egongo dira. Jarraian dituzue zuzenekoen ordutegiak:
- Irailak 24
- 05:00 - Ryu Ga Gotoku Summit
- 16:00 – Tokyo Game Show 2025 Capcom Online Special Program
- Irailak 25
- 02:30 – Irekiera ekitaldia
- 07:30 – Annapurna Interactive
- 12:00 – Xbox Tokyo Game Show 2025 Broadcast
- 13:00 – Nioh 3 Official Program
- 14:00 – LEVEL-5 Tokyo Game Show 2025 Official Program
- Irailak 26
- 05:05 – Shinsen Series Official Broadcast
- 06:00 – Battlefield 6: Single-Player Live Showcase
- Irailak 27
- 06:15 – Anniversary Title Producers’ Talk (Yakuza, Tales of eta eFootball sagetako arduradunak)
- Irailak 28
- 04:30 – 2K Games
- 06:00 – Japan Game Awards 2025
- 08:15 – Itxiera ekitaldia
Partaidetza, gora
Azken urteotan berpizkundea bizi du TGSak, eta aurten inoiz baino partaide nahiz ikusle gehiago hurreratzea aurreikusten dute antolatzaileek. Atzo aipatu zutenez, 1.206 bideojoko ikusi ahalko dira azokan: plataforma guztietako tituluak batuko dituzte, baina, itxura batean, azkenaldian indarra hartzen doan PCak presentzia nabarmenagoa izango du. Steam plataformak, esaterako, txoko berezia antolatuko du.
4.159 stand prestatuko dituzte Chiba hiriko —ez, Tokioko azoka ez da hiriburuan bertan egiten, gertuko hiri batean baizik— ekitaldian; 1.138 partaide egongo dira horietan, 523 japoniar eta 615 nazioarteko. PlayStation, Xbox, Capcom, Sega, Square Enix, Koei Tecmo edo Bandai Namco pasako dira, besteak beste, eraikin desberdinetatik; hortaz, handietatik Nintendo baino ez litzateke faltako. Horren ordez, N handikoak negozio bilerak egiteko hurreratuko dira TGSra.
Tokyo Game Show 2025 irailaren 25etik 28ra bitartean irekiko da Chiba hiriko Makuhari Messe gunean.
Iruzkinak