Erroetara itzuliko dira bi jokoekin, aurreko berrabiatzea alboratuz. Crystal Dynamics estudioaren esku daude.

Lara Croft indar betean bueltatuko da bideojokoen mundura. Amazon Games argitaletxeak bi titulu aurkeztu ditu TGA ekitaldian: Tomb Raider: Catalyst nahiz Tomb Raider: Legacy of Atlantis.

Crystal Dynamics arduratuko da bi jokoak garatzeaz; hala eta guztiz ere, 2013an hasitako berrabiatzearen istorioa alboratuko dutela dirudi, Lara Croft originalaren erroetara itzuliz. Horren adierazlea da bere itxura: bi pistolekin ikusiko dugu, beste behin, esploratzaile ezaguna.

Catalyst atal guztiz berria izango da Croften abenturetan. India iparraldean kokatuko dela aurreratu digute lehen trailerrarekin: ohi bezala, antzinako botere misteriotsuak ikertzeari ekingo dio. Trailer zinematikoa baino ez dugu ikusi —beste bat—, baina Unreal Engine 5 garapen motorea erabilita garatzen dabiltzala adierazi dute egileek.

2027an estreinatuko da, printzipioz: PC, PS5 eta Xbox Series plataformetara helduko da Tomb Raider: Catalyst.

 

Lehen jokoaren (ber)berregitea

Aurretik iritsiko da, baina, Legacy of Atlantis: 1996. urteko Tomb Raider originalaren remake berria. Lararen lehen abenturako kokalekuak zeharkatuko ditugu berriro: Peru, Grezia eta Egipto ikusiko ditugu, baita, nola ez, tituluari izena ematen dion galdutako Atlantis.

Berregitearekin bai, jokagarritasun irudiak ikusteko aukera eduki dugu. LoAk ere UE5 motorea erabiliko du: gune ikusgarriak, xehetasunez betetakoak, eratzen dabiltza Crystal Dynamicsekoak.

Protagonista saltoka, dinosauroen aurka tiroka eta puzzleak gainditzen ikusiko dugu, beste behin, remake fidel zein berritzailean; diotenez, mekanikak eraberritu eta ezustekoak gehitu dituzte, joko originalaren izaera mantenduz.

Datorren urtean helduko da Tomb Raider: Legacy of Atlantis PCra eta PS5 nahiz Xbox Series kontsoletara.