Crystal Dynamics-ek 2013. urtean kaleratutako abenturaren birmasterizazioa dugu.
Aspyr argitaletxeak Tomb Raider: Definitive Edition argitaratu du Nintendo-ren Switch 2 eta Switch kontsoletan.
Ezustean iritsi zaizkigu port berriak, aurretiaz iragarri gabe egon baitira. Jatorriz 2013. urtean estreinatutako Lara Croft-en berrabiatzearen lehen atala da; zehazki, honen birmasterizazio txikia.
Hori horrela, Crystal Dynamics estudioaren oinarrizko jokoa, eduki gehigarri guztiak eta multijokalari modalitatea biltzen ditu Definitive Editionak. Are gehiago, komikiak eta dokumentalak ere aurkituko ditugu bertsio honetan.
Lara Croften hastapenak biziko ditugu abenturan. Yamatai izeneko irla misteriotsuko sekretuak argitzera abiatu ondoren, bidaia egiteko erabilitako ontzia izugarrizko ekaitzean hondoratzen da… Larak bizirauten ikasi beharko du espedizioko gainerako kideak erreskatatzen dituen bitartean, armak zein ekipamendua hobetuz irlan geroz eta gehiago barneratzeko.
Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, denetariko generoak eta mekanikak biltzen ditu: tiroketak, isil gordekako atalak, biziraupena, esplorazioa zein metroidvania ezaugarriak ditu Crystal Dynamicsen tituluak. Game Erauntsian benetan gogoko dugun atala da. Iaz, gainera, analisia eskaini genion —retroanalisia dela esan daiteke?—, hauxe esanez:
Bizia eta latza, agintea askatu gabe jokaldi bakarrean gainditzeko gogoak ematen dituen lan horietakoa. Ondo zahartu da, gainera, eta gaur egun ere berriz jokatzeko lana da Tomb Raiderrena.
Tomb Raider: Definitive Edition Switch 2an nahiz Switchean joka daiteke dagoeneko. Aurretik, PlayStation 4, Xbox One eta PC plataformatan aurki genezakeen.
Lander Unzueta
Iruzkinak