Zale batek OpenLara proiektua prestatu du: edonork jaitsi dezake bere kontsola eramangarria probatzeko.
Nintendo-ren Game Boy famatuaren oinordekoa izan zen Game Boy Advance kontsola eramangarria. 32 bit-eko gailu honek sekulako arrakasta lortu zuen baita ere: 82 milioi kontsola salduta, bideo-jokoen katalago erraldoia jaso zuen. Obra berria iritsi da kontsolara, baina: zale batek Tomb Raider originalaren port-a prestatu du, hiru dimentsiotako atal tekniko eta guzti.
XProger deitutako modder-a 2017an hasi zen OpenLara proiektuan lanean. Lara Croft abenturazalearen lehen abentura plataforma desberdinetara porteatzen hasi zen horrekin: Xbox, Switch edota mugikorretarako bertsioak prestatu ditu. Game Boy Advancekoa da, halere, ikusgarriena: kontsola xume honek ikaragarrizko grafikoak mugitzea lortu du garatzaileak.
Jatorrizko jokoaren tutoriala eta hiru kokaleku prestatu ditu momentuz GBA-ko bertsiorako. Segundoko 20 irudiko tasa lortu du XProgerrek: ez da aproposena, baina halako kontsola batentzako fps esanguratsuak direla nabarmendu beharra dago. Horrez gain, Eidos Interactive-ren klasikoaren musika eta soinuak erabili ditu porterako.
GBA-ren jokoen katalogoa bi dimentsiotako lanekin osatuta zegoen gehienbat; hiru dimentsiotako lan batzuk ere ikusi zituzten erabiltzaileek, baina atal tekniko zatarrarekin: Kill Switch, Asterix eta Obelix XXL, 007 Nightfire edo Driv3r dira honen adibide batzuk.
OpenLara modderraren Github orrialdetik jaitsi daiteke; Game Boy Advance kontsolan nahiz emulatzaileetan jokatu daiteke bertsio honetara. Orrialde berean aurkitzen dira gainerako plataformentzako bertsioak.
Iruzkinak