Nintendo Direct aurkezpena prestatu dute arduradunek, Mii izakien elkarbizitza eta simulazio joko dibertigarriaren xehetasunak eskainita.
Nintendok Tomodachi Life: Living the Dream apirilaren 16an merkaturatuko dela iragarri du. Switch kontsoletan jokatu ahalko da: Switch 1 gailurako kaleratuko da, baina egungo kontsolan ere funtzionatuko du.
Berria Nintendo Direct emanaldi bereziaren bitartez eskaini dute. 22 bat minututan bideojokoari buruzko informazio guztia eman digute egileek, proposamen benetan berezia baita. Sims estiloko elkarbizitza eta simulazio bideojokoen frankiziaren atal berriak orain arteko aukera eta eduki gehien bilduko ditu.
Mii pertsonaia eraberrituetatik hasi dira, hauek baitira jokoaren funtsa. Bakarra sortzera mugatu beharrean, familiak eta lagun taldeak eratzeko aukera edukiko dugu; nola ez, editorearekin itxura zein izaera hautatzeko aukera egongo da. Sormen prozesua bi bidetan banatuko da: alde batetik, galdera batzuei erantzunez modu automatikoan sor ditzakegu Miiak; bestetik, hutsetik, hautaketa prozesu osoa burutu dezakegu.
Behin Mii desberdinak sortuta, hauen artean harremanak bideratzeko unea izango da. Pertsonatxoak batuta, hizketan eta zaletasunak partekatzen hasiko dira: janaria, bideojokoak, musika… Behin elkar ezagututa, Miiak euren kabuz komunikatuko dira. Batera bizitzeko aukera ere edukiko dute: gehienez, zortzi Mii batu daitezke etxe berean, denetariko egoerak sortuta.
Genero aukerak aditzera eman dituzte bideoan, eta nintendozaleak harrituta geratu dira: gure Miien generoa nahi bezala ezartzeaz gain, gogoko harremanak eta bikotekideak —gizonezkoak, emakumezkoak, ez binarioak, edo, guztiak batera— hauta ditzakegu editorean.
Irla batean biziko dira Living the Dreameko ametsak. Etxebizitzez gain, saltokiak, jatetxeak, telebista platoak, liburutegiak edo irlatik sakabanatutako naturgune eta toki desberdinak bisitatuko dituzte Miiek. Tailerra nabarmendu beharra dago: gure bizilagunentzako erremintak sortzeko lantegia izango da, besteak beste, maskotak sortzeko aukera eskainita. Nola ez, Animal Crossing-en antzeran, irla nahi bezala apaintzeko eta diseinatzeko aukera egongo da.
N handiaren frankizia Nintendo DS eramangarrian jaio zen Tomodachi Collection tituluarekin, baina guri iritsi zitzaigun lehen atala 2014. urtekoa da: 3DS kontsolarako Tomodachi Life. Ordu hartatik gabiltza sagako bideojokorik gabe.
Apirilaren 16an helduko da hirugarren atala: esan bezala, Tomodachi Life: Living the Dream Switch kontsoletan jokatu ahalko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak