58 urte zituen garatzaile japoniarrak. Ninja Gaiden-en berrabiatzea zein Dead or Alive borroka jokoak sortzeaz arduratu zen.

Tomonobu Itagaki sortzaile japoniarra zendu da. Bere Facebook kontuan argitaratu den mezuan jakitera eman da, agurra eskainita.

“Nere bizitzako argia itzaltzear da”, adierazi du lagun batek bere izenean argitaratu duen testuan. “Mezu hau argitaratua izateak unea iritsi dela esan nahi du”. Japoniarrak bere bizitza “borroken segida” izan dela nabarmendu du, “irabazten jarraitu duela”, eta “jende askori arazoak eragin dizkiola” ospatuz. Hala eta guztiz ere, tonu goibelarekin bukatu du, “joko berria zaleei eskaini gabe” geratu dela aldarrikatuz: “Asko sentitzen dut. Gauzak horrela izaten dira”.

1992an hasi zuen bideojokogile ibilbidea Tecmo talde japoniarrean. Tecmo Super Bowl mitikoaren garapenean lan egiten hasi zen. Ondoren, Koei Tecmo enpresaren baitan eratutako Team Ninja ezaguna sortzeaz eta gidatzeaz arduratu zen Itagaki. Bere zuzendaritzapean 2004. urtean berrabiatutako Ninja Gaiden hack and slash saga maitatua —datorren astean laugarren atala estreinatuko da, kasualitatez eta tamalez— zein Dead or Alive borroka frankizia polemiko bezain arrakastatsua jaio ziren.

Azken urteotan, Koei Tecmo utzi, eta Valhalla Game Studios izeneko estudioa sortu zuen Itagakik. Ez zuen arrakasta handirik izan: Devil’s Third bideojokoa kaleratu zuen 2015ean, harrera eskasa edukita. Bukatzeko, Samurai Jack: Battle Through Time jokoan aholkulari lanak bete zituen.

Berriak denetariko erantzunak eragin ditu industrian. Katsuhiro Harada Tekken sagaren sortzaileak mezua eskaini dio sareetan, besteak beste, “sinestezina” dela esanez.

Egun, iragarri gabeko proiektuetan lanean zebilen Itagaki; zorionez, urte hasieran Koei Tecmok bere titulurik mitikoaren birmasterizazioa estreinatu zuen, Ninja Gaiden 2 Black, harrera zein balorazio onak lortuta.