2020an estreinatu zen PS4 eta Xbox One kontsoletan, baita PCan ere Epic Games Store saltokiaren bidez. Skater-aren lehen bi jokoen berregitea da.

Activision taldeak iragarri duenez, Vicarious Visions garatzaileak sortutako Tony Hawk’s Pro Skater 1 + 2 Steam saltokira iritsiko da. Datorren astean ikusiko dugu, urriaren 3tik aurrera.

Kasu berezia da bideojoko honena. Orain hiru urte kaleratu zen PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletarako bertsioekin, eta ostean Switch, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetarako port-ak jaso ditu. Dena den, 2020an jatorrizko estreinaldiarekin PCrako bertsioa ere jaso zuen: Epic Games Store saltokikoa. Ordutik ahaztuta utzi dute Activisionekoek, baina azkenik Steamera eramatea erabaki: Valve-koen saltokian Tony Hawk bat eskainiko duten lehen aldia izango da.

Izenak adierazten duen bezala, Tony Hawk skaterraren lehen bi bideojokoen bildumaren aurrean gaude. Bilduma ez ezik, berregitea ere bada: Neversoft taldeak 1999an eta 2000n argitaratutako klasiko maitatuen remake-a da.

Atal grafiko eraberritua eta hainbat berritasun biltzen ditu 1 + 2 honek. Bideojoko originalean zeuden kanpaina, tokiko multijokalaria zein skaterrak eta pistak sortzeko editorea dakartza; gainera, online ezaugarriak ere baditu, mundu beste jokalarien aurka aritzeko aukera eskainita. Bukatzeko, gainditu beharreko erronka berezien zerrenda luzea proposatzen digu.

Ohi bezala, skate gainean dozenaka trikimailu egiten ibiliko gara arkade erako kontrol erabilerrazekin. Mailetan ahalik eta puntuaziorik altuena lortzea izango da gure helburua, baina istorioko mailetan bestelako helburu bereziak bete beharko ditugu.

Tony Hawk’s Pro Skater 1 + 2 urriaren 3an estreinatuko da Steamen.

 

Zaleek ez dituzte gainerako jokoak ahazten

1 + 2 bildumak arrakasta esanguratsua lortu zuen; horrela, THP 3 eta 4 jokoekin antzeko berregitea eratzeko asmoa zegoen Vicarious Visionsetik.

Zoritxarrez, bilduma berria bertan behera geratu zen Activisionek Blizzard erosi, eta Vicarious hauekin batzerakoan —eta desagertzerakoan—: gaur egun Blizzard Albany taldea osatzen dute.

Zaleak hirugarren eta laugarren joko zaharberrituen zain zeudenez, horiek euren kabuz berregiteari ekin zioten: THP 1 + 2 oinarri hartuta THPSPro mod-a sortu zuten.

Horrela, jarraipenetako mailak hartu eta garapen motore berrian sortzen dabiltza: hainbat gune klasiko bukatuta dituzten arren, lanean jarraitzen dute, eguneraketak kaleratuz.