Vicarious Visionsek PC eta kontsoletarako garatuta, skaterraren lehen bi bideojokoen remakeak bilduko ditu joko baten.
Tony Hawk bueltan da. Activisionek skaterraren izenarekin sortutako lehen bideojokoen remakeak prestatzen ari dela iragarri du Summer Game Fest barruan egindako aurkezpen baten bitartez.
Tony Hawk’s Pro Skater 1+2 deituta, “jatorrizko kokalekuak, akrobaziak, joko motak eta soinu bandako abestiak” bueltan ekarriko dituela aldarrikatu dute jokoaren arduradunek.
Warehouse eta The Bullring bezalako kokalekuak guztiz birsortuta ikusi ahalko dira remakean. Atal grafiko berriztatua 4K-ko bereizmenean eta 60 irudi segundutara gozatu ahalko da.
Tony Hawkekin batera Steve Caballero, Geoff Rowley, Bucky Lasek, Elissa Steamer, Kareem Campbell, Andrew Reynolds, Bob Burnquist, Eric Koston, Rodney Mullen, Jamie Thomas, Rune Glifberg eta Chad Muska skaterrak egongo dira bideojokoan.
Berritasunak ere gehituko dituzte bide batez: sare bidezko jokoa baieztatu du Activisionek. Beste jokalariekin Internet bidez jokatzeko aukerarekin batera bi jokalarirentzako tokiko multiplayerra egongo dela adierazi dute. Pertsonaia eta kokaleku sortzaileak ere bueltan dira. Create-A-Skater eta Create-A-Park deituta, sortutakoak sarean partekatu ahalko dira.
Jokoaren garapena Vicarious Visionsen eskuetan dago. Crash Bandicoot N. Sane Trilogyren garatzaileak dira, eta Tony Hawk klasikoen port batzuetaz ere arduratu ziren.
Tony Hawk’s Pro Skater 1+2 irailaren 4an Playstation 4, Xbox One eta PCan argitaratuko da. Azkenaren kasuan, lehendabizi Epic Game Store plataformaren bidez kaleratuko da; ikusteko dago beste plataformetara iritsiko den ala ez.
Iruzkinak