Doako eguneraketa jaitsi daiteke dagoeneko.
Joan den irailean kaleratu zen Tony Hawk’s Pro Skater 1+2 skaterraren bideojokoen zaleentzako nostalgia dosi aparta izan zen. Neversoftek garatutako lehen bi jokoen remake bikaina egin dute Vicarious Visionsekoek, aldi berean berritasunak gehituta.
Orain, are nobedade gehiago estreinatu dituzte garatzaileek. Erronka berriak jaso ditu THPS honek: guztira hamar sortatan banatutako 100 erronka prestatu dituzte bideojokoaren joko mota desberdinetarako. Modu horretara 100. mailako garaikurra eskuratzeko bidea erraztea bilatu nahi izan dute arduradunek. Izan ere erronka berriek esperientzia puntuak eta dirua lortzeko balio dute.
Multijokalarian aritzerako orduan aukera berriak eskaintzen ditu skate jokoak. Jams eta Competitive joko motetan kokaleku eta puntuen aleatoriotasuna areagotu dutela adierazi dute, “sare bidezko partidetara aniztasun pixkat gehitzeko”.
Gainera, Solo Tour deitutako joko mota gehitu dute. Bertan THPS 1 eta 2ko tourretara berriz jokatu ahal da skater desberdinak erabilita. Hau da, Solo Tour bakoitza hasterakoan lortu beharreko helburu eta medaila guztiak berriz eskuratu beharko dira skater desberdin batekin. Aurretik gainditutako tourretako datuak gordeta jarraituko dute.
Azkenik, eduki estetiko mordoa gaineratu dituzte skate jokora. Activisionen Crash Bandicoot 4: It’s About Time obrako edukiak, The Skatepark Projectekin elkarlanean eratutako Birdman Packa eta jokoaren zaleek sortutako edukiak gehitu dituzte.
Eduki guzti hauek dagoeneko eskuragarri daude Tony Hawk’s Pro Skater 1+2rako. PC, PS4 eta Xbox Oneko jokalariek dohainik eskuratu ahalko dituzte.
Iruzkinak