Diet Zribi garatzailea ikuspuntu desberdinak kontuan hartuta pentsatzeko joko benetan berezia prestatzen ari da 2021erako.
Bi mundu zeharo desberdin batuko dituen zurrunbilo kosmikoak abiaraziko du Toodee and Topdeeren abentura. 2D plataformak 3D puzzleekin batera gainditzea proposatzen du Diet Zribi garatzailea prestatzen ari den lanak.
Proposamen interesgarri honetatik abiatuta atal grafiko koloretsua eta bi mundu horien atalik honenak biltzen dituen bideo-jokoa ikus daiteke. Toodeeren kontrola hartuta saltoka aritu beharko dira jokalariak maila bakoitza gainditzeko portala irekitzen duen giltzaren bila.
Hala ere bi dimentsioen planoan hainbat oztopo aurkituko ditu Toodeek, eta hor sartuko da Topdee pertsonaia: hiru dimentsioen planora igaroko dira jokalariak bere kontrola hartzerakoan, eta honen helburua bere lagunari bidea erraztea izango da, puzzle txikiak gaindituta. Mailak gainditzeko portala zeharkatu beharko dute biek.
Maila bakoitzean etsaiak ere ikusiko dituzte bi protagonistek, eta ikuspegiz aldatzerakoan arerioen ezaugarriak ere aldaketak jasango dituzte. Etsai nagusi erraldoiak aurkituko dituzte gainera, eta horiei irabazteko bizkortasunez pentsatu beharko da.
Bi jokalarirentzako joko mota kooperatiboa ere agindu du Diet Zribik, bakoitzak pertsonaia baten kontrola hartuta.
Jokoaren ideia Game Jam batean jaio zela diote Gonen eta Ori anai garatzaileek. Bertan proposatutako erronkak bi genero guztiz desberdin batzeko helburua zeukan, hain zuzen ere.
Toodee and Topdee PCrako kaleratuko dute Steam bidez; aurten merkaturatzea aurreikusten dute. Gainerako plataformetarako bertsioak ere argitaratu nahi dituztela jakitera eman dute, gehiagorik zehaztu gabe.
Iruzkinak